Repsol-ek 1.338 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2010eko lehenengo seihilekoan, aurreko urteko aldi berean baino % 38,9 gehiago. Emaitza horrek barne hartzen du Upstream jarduerari loturiko pisu handiagoari dagokion zerga tasa altuago bat.
Emaitza operatiboa 3.004 milioi eurokoa izan zen, 2009ko lehenengo seihilekoan izandakoa baino % 81,7 handiagoa.
Emaitza horiek petrolio gordinaren (% 49,5 Brent) eta gasaren (% 11,9 Henry Hub) nazioarteko prezioen hazkunde ingurunean lortu ziren. Testuinguru horretan, Repsol-ek % 3 eta % 22,7 hobetu zituen, hurrenez hurren, petrolio gordina eta gasa gauzatzeko prezioak.
Horrela, nabarmentzekoak dira Upstream arloko (Esplorazioa eta Ekoizpena) ustiapen emaitzaren hazkundea, 2009ko lehenengo seihilekokoa baino % 14,9 handiagoa izan baita, aipatu bezala, petrolio gordinaren eta gasaren nazioarteko prezioen hazkundeak lagunduta, eta ekoizpenaren eta mix-aren hobekuntzaren hazkundea.
2010eko lehenengo seihilekoan, Repsol-ek % 4,9 handitu zuen hidrokarburo ekoizpena aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta, gainera, bere produktu saskiaren osaera hobetu zuen, likidoen pisua handituz.
Downstream-aren negozioko eraginkortasunak, fintze eta marketin tarte integratuaren hazkunde nabarmenarekin, negozio kimikoa berreskuratzearekin batera, emaitzak hobetzen lagundu du. Horrela, 2010eko lehenengo seihilekoko arloko ustiapen emaitza 928 milioi eurokoa izan zen, 2009ko seihileko berean baino % 46,1 gehiago.
YPF-ren emaitzak % 83,8 hazi dira aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, funtsean, prezioak nazioartekoen parera hurbildu direlako.
Halaber, Gas Natural Fenosa partaideak 551 milioi euroko ustiapen emaitza lortu du, 2009ko aldi berean baino % 65 gehiago.
Seihilekoaren amaieran, Repsol-en likidezia 7.308 milioi eurokoa zen, 2009. urte amaieran baino 1.316 milioi euro gehiago, eta finantza ratioak ere hobetu ziren. Ekainaren amaieran, konpainiaren finantza zor garbia, Gas Natural Fenosa kenduta, 4.996 milioi eurokoa izan zen, 2009ko abendukoaren ildotik.
Upstream (Esplorazioa eta Ekoizpena) arloko ustiapenaren emaitza 731 milioi eurokoa izan zen, hau da, 2009ko lehenengo seihilekoan baino % 124,9 handiagoa. Horren arrazoi nagusia aldi horretan gordinaren eta gasaren prezioek izandako hazkunde jarraitua da, baita ekoizpena areagotu izana ere, batez ere likidoena.
Repsol-en hidrokarburo ekoizpena, 2010eko lehenengo seihilekoan, egunean 344.891 petrolio upel baliokidekoa izan zen, aurreko ekitaldiko aldi berean baino % 4,9 gehiago, eta lehenengo hiruhilekoko goranzko joera sendotu da. Produktuaren mix-aren hobekuntzak, likidoen pisu handiagoarekin, emaitzak aurreratzen lagundu zuen. Mix-aren hobekuntza hori, nagusiki, AEBetako Shenzi megaeremuko ekoizpenaren eta Libiako eta Venezuelako ekoizpen handiagoaren ondorioa izan zen.
Hidrokarburoen ekoizpen mailen gehikuntzak, likidoenak batez ere, eragin positiboa izan zuen seihilekoan izandako 289 milioi euroko emaitzetan, eta abantailen petrolio gordin eta gas gauzatze prezio garbietako hobekuntzak 408 milioi euro gehitu zizkion emaitzari.
Aldi horretan Upstream arloan eginiko inbertsioak 367 milioi eurokoak izan ziren, eta batez ere Trinidad eta Tobagoko, Libiako, Boliviako, Peruko eta Ekuadorko eremuak garatzera bideratu ziren (% 47); inbertsioen bigarren xedea (% 44) Brasilgo eta Venezuelako esplorazioa izan zen.
GNL (gas natural likidotua) arloko ustiapen emaitza 11 milioi eurokoa izan zen, 2009ko lehenengo seihilekoan baino % 67,6 gutxiago, funtsean, produktua merkaturatzeko tarte txikiagoengatik eta aktibo batzuen saneamenduagatik.
Downstream arloko ustiapen emaitza (fintzea, marketina, GLP eta kimika eta bestelakoak), 2010eko lehenengo seihilekoan, 928 milioi eurokoa izan zen; horrek % 46,1ko hazkundea dakar aurreko urteko aldi berberarekiko.
Emaitzaren hazkunde horren arrazoia, nagusiki, negozioaren kudeaketa eraginkorra da, izan ere, horrek fintze eta marketin tarte integratua handitzeko aukera eman zuen urte horretako bigarren hiruhilekoko 7,38 U$/Bbl-ra, aurreko urteko 3,95 U$/Bbl-ren aldean.
Era berean, negozio kimikoak seihilekoan zehar bolumen eta tarteen berreskuratze jarraitua izan du negozio kimikoak. Produktu petrokimikoen salmentek % 7,1eko hazkundea izan zuten 2009ko aldi beraren aldean. Salmenten hazkundeak, kostuen kudeaketarekin batera, negozioa hobetzen lagundu du.
PGLri dagokionez, ontziratze tarteak aurreko urte aldi berekoak baino txikiagoak izan ziren, funtsean, ontziratze prezioaren formula berriko dekalaje efektuarengatik. Merkaturatutako bolumena, berriz, 2009ko lehenengo seihilekokoen antzeko mailetan mantendu zen.
Downstream arloko inbertsioak, seihilekoan, 732 milioi eurokoak izan ziren eta, funtsean, Cartagena eta Bilboko fuelolioa murrizteko unitatea handitzeko proiektuetara bideratu ziren.
YPF-ren ustiapen emaitza 831 milioi eurokoa izan zen, 2009ko aldi berean baino % 83,8 gutxiago.
Emaitzaren hazkunde hori, funtsean, erregaien prezioak etengabe hazi izanaren ondorioa da, bai tokiko monetan bai dolarretan; horrek 416 milioi euroko ondorio positiboa izan zuen. Esportazioei eta barnean saldutako baina nazioarteko kotizazioen bilakaeran aipaturiko produktuei esker lortutako diru-sarreren hazkundeak ere lagundu zuen emaitza handiagoa izaten.
YPF ekoizpena egunean 550.590 petrolio upel baliokidekoa izan zen, eta horrek % 8,1eko beherakada dakar aurreko ekitaldi aldi berarekiko.
YPFn, 2010eko lehenengo seihilekoko inbertsioak 597 milioi eurokoak izan ziren, eta Esplorazio eta Ekoizpen arloko proiektuak garatzeko bideratu zen, nagusiki.
Gas Natural Fenosa ustiatzearen emaitza urteko lehen seihilekoan 551 milioi eurokoa izan zen, aldiz, 2010eko epe berdinean, 334 milioi eurokoa. Horrek esan nahi du % 65 hazi dela, nagusiki, Union Fenosa-ren emaitzak Gas Natural SDG-ren emaitzekin elkartu direlako.
Gas Natural Fenosa-ren inbertsioak (Repsol-en sendotze proportzionalari dagozkionak), aldi horretan, 266 milioi eurokoak izan ziren, eta batez ere Espainian eta Latinoamerikan gasa eta elektrizitatea banatzeko eta Espainian eta Mexikon elektrizitatea sortzeko erabili ziren.
Repsol-ek 2014rako estrategia aurkeztu du
Repsol-en Administrazio Kontseiluak 2014rako konpainiaren estrategia ezartzen duten proiektu eta inbertsio berriak onartu zituen apirilaren 28an. Repsol-ek azken bi urteetan lortutako aurrekaririk gabeko esplorazio arrakastei eta munduko krisialdi ekonomikoaren ondoriozko aldaketei esker, konpainiaren estrategia beste esparru batean kokatuko da, betiere, jarduketa ildo nagusiei helduz, finantza diziplina zorrotzean oinarrituz eta akziodunarentzat balioa sortuz.
Eszenatoki berri horretan, Esplorazio eta Ekoizpen jarduera konpainiaren hazkunde motorra izango da, egin berri dituen aurkikuntzen potentzial handia garatzearekin batera. Repsol-ek munduko esplorazio potentzial handieneko eremu geografiko ugaritan jarduten du eta, gainera, ur sakonetan esploratzeko baliabide onak ditu. Horregatik guztiagatik, etorkizunean hazteko aukera ezin hobeak dituen energia enpresa bilakatu da. Repsol-en 2014rako inbertsio estrategia Upstream-ean hazteko proiektu zorro handiago eta sendoago batean oinarritzen da. Horren garapenak arlo horretako hidrokarburo ekoizpena urtean % 3-4 hazteko aukera emango du 2014ra bitartean, eta gehiago 2019ra arte, datozen bost urteetan erreserbak ordezteko % 110etik gorako tasarekin.
Downstream-ari dagokionez, Bilboko eta Cartagenako handitzeak, dagoeneko oso aurreratuta daudenak, 2011. urte amaierarako martxan egotea aurreikusten da, eta horrek tarteak hobetzea ekarriko du abangoardiako prozesu teknologikoen aplikazioari esker, konpainiaren posizio integratua eta Espainiako negozioan duen lidergoa sendotuz.
Horrez gain, YPF-k eta Gas Natural Fenosa-ren jarduerak, gas eta elektrizitate arloan integratutako konpainia lider gisa, Repsol-entzat kutxa egonkorra sortzea ahalbidetuko dute.
Horri guztiari esker, prezioen egoera betetzen bada, Repsol-ek 2014ra arteko denboraldirako aurreikusitako inbertsioak finantzatu, dibidenduak ugaritu eta zorra hobetu ahal izango ditu, kostu operatiboak aurreztean eta aktibo ez estrategikoetako inbertsioa desagerraraztean oinarritutako finantza diziplinaren bidez, betiere, operazioetan bikaintasunari eta nazioartean aintzatetsita dituzten segurtasun eta gizarte erantzukizun korporatiboko arloetan lortutako aurrerapenei helduz.
Akziodunen Batzar Nagusiak akzio bakoitzeko 0,85 euroko dibidendua onartu du
Akziodunen Batzar Nagusiak, apirilaren 30ean, akzio bakoitzeko 0,85 euro gordin banatzea erabaki zuen 2009ko ekitaldiko guztizko dibidendu gisa, aurreko ekitaldiaren kargura ordaindutakoa baino % 19 gutxiago.
2009ko ekitaldiari dagokion dibidendua ordaintzeko guztizko zenbatekoa 1.038 milioi eurokoa da.
Repsol-ek martxan jarri du Latinoamerikan gasa likidotzeko lehenengo instalazioa
Joan den ekainaren 10ean, Repsol-eko presidente Antonio Brufauk eta Peruko presidente Alan Garcíak Hego Amerikako lehenengo gas likidotze instalazioa inauguratu zuten Pampa Melchoritan, Limatik (Peru) 170 km hegoaldera. Perú LNG proiektuko parte den instalazioan 3.800 milioi dolarreko inbertsioa egin da, Peruko historian proiektu bakarrean egin den inbertsiorik handiena.
Ekainaren amaieran egindako lehenengo kargamentuarekin, Repsol-ek instalazioko ekoizpen osoaren aparteko merkaturatzeari ekin zion, Perú LNG-rekin 2005ean sinatutako kontratuarekin bat etorriz; 18 urteko iraupena izango du operazio komertzialean sartzen denetik. Bolumena dela eta, Repsol-ek bere historia osoan egindako GNL erosketa handiena da.
Venezuelako proiektuen garapena
Maiatzaren 12an, Antonio Brufauk eta Hugo Chávezek PetroCarabobo SA enpresa mistoaren eraketa sinatu zuten Caracasen. Hori arduratuko da Carabobo proiektuko petrolio gordin astunaren erreserbak garatzeaz, Venezuelako Orinokoko zerrendan, munduan garatu gabeko hidrokarburo baliabide gehien dituen eremuetako batean. US Geological Survey-ren arabera, inguruak 513.000 milioi upel petrolio gordin astuneko bolumen berreskuragarria izan dezake.
Apirilean, lehenxeago, Repsol-ek beste aurkikuntza bat egin zuen Perla megaeremuan, Venezuelako Golkoko azaleko uretan. Horrek gutxienez % 30 handitzen du Perla 1X hobiaren hasierako aurkikuntzarekin 2009ko urrian eginiko gas erreserben aurreikuspena. Baliteke eremuak 1.600 eta 1.850 milioi petrolio upel baliokideko gas erreserba berreskuragarria izatea, Espainian 7 urtetan zehar egingo litzatekeen gas eskaria asetzeko behar adina erreserba, hain zuzen. Hidrokarburoen gaineko informazio espezializatuko IHS zerbitzuak jakinarazi duenez, Perla 2009an munduan egin diren hamar aurkikuntza handietako bat da.
Repsol, operadore Norvegian
Norvegiako Gobernuak Ipar Itsasoko eta Norvegiako Itsasoko uretan esploratzeko bi lizentzia esleitu berri dizkie partzuergo banari, eta Repsol-ek parte hartzen du partzuergo horietan. Herrialde horretan hidrokarburoak aurki daitezkeenez, gune estrategikoa da, bai Repsol-entzat, bai industriarako.
Repsol da Ipar Itsasoko Norvegiako sektorean dagoen PL-541 lizentziaren operadorea, % 50eko partaidetzarekin. Esleipen horrekin, Repsol, lehenengo aldiz, operadorea da Norwegian Continental Shelf-en (NCS). Horrek esan nahi du Norvegiako agintariek aintzat hartzen dutela konpainiak duen gaitasuna, sektorean asko baloratzen dena. Bigarren lizentzian, PL-557, Norvegiako Itsasokoan, Repsol-ek % 40ko partaidetza dauka.
Aljerian bloke berri bat esploratzeko kontratua
Urtarrilaren 17an, Repsol-ek Sonatrach-ekin eta Aljeriako Hidrokarburo Baliabideak Baloratzeko Agentzia Nazionalarekin (ALNAFT) Aljeriako hego-ekialdean kokatzen den Sud-Est Illizi blokea esploratu eta ustiatzeko kontratua sinatu zuen. Esleipen horrek indartu egiten du Repsol-ek Aljerian duen posizioa, konpainiak presentzia handia baitu bertako eremuetan (Reggane, Tinfouye Tabenkort eta Tifernine), eta indartu egiten du hazteko eremu gisa herrialde horren aldeko apustua.
Repsol, Argentinako gas hornitzaile nagusia
Martxoan, Antonio Brufauk, Boliviako presidente Evo Moralesek eta Argentinako presidente Cristina Fernández de Kirchnerrek bi herrialdeen arteko salerosketa hitzarmena sinatu zuten eta, hala, Repsol hornitzaile nagusi bihurtu da.
Boliviako Sucre hirian sinatutako hitzarmen horrek Repsol operadore duen (% 37,5eko partaidetzarekin) Margarita gas megaeremua Argentina gas boliviarraz hornitzeko ardatz nagusi bihurtu du, eta etorkizuneko garapenaren errentagarritasuna bermatzea ahalbidetzen du.
Desinbertsioa aktibo ez-estrategikoetan: CLH-ri buruzko hitzarmena eta Gaviota lurpeko biltegiratzearen salmenta
Martxoaren 25ean, Repsol-ek, Petronor-ek eta BBK-k hitzarmen bat sinatu zuten, eta, horren bidez, BBK-k Repsol-ek Petronor-en bidez zeharka zeukan CLH-ren % 5eko akzio paketea erosi zuen. Operazioa 145 milioi euroko zenbatekoarekin itxi zen. Repsol-ek, horrela, % 10era murriztu du CLH-ko bere partaidetza, eta irekita dauka konpainia logistikoan beste % 5 desinbertitzeko.
Bestalde, apirilaren 8an, Repsol-ek eta Enagás-k hitzarmena sinatu zuten Repsol-ek Gaviotako lurpeko gas naturalaren biltegiratzean zeukan % 82ko partaidetza Enagás-i saltzeko, 86,9 milioi euroko zenbatekoan.
Bi salmenta prozesuak Repsol-ek aktibo ez-estrategikoetako mailakako desinbertsio estrategiaren barruan kokatzen dira.
Energia Berrien Negozio Unitatearen sorrera
Apirilaren 8an, Repsol-ek Energia Berrien Negozio Unitatearen sorrera jakinarazi zuen, energiaren etorkizuneko ikuspegi dibertsifikatuagoari eta CO2 isuriei dagokienez hain intentsiboa ez denari bide emango dioten ekimen berriak bultzatzeko eta haiei negozio zentzua emateko. Arlo berria aukerak identifikatzeaz, proiektuak sustatzeaz eta bioenergia eta garraioari aplikatutako energia berriztagarriak eta Repsol-en egungo negozioekin eta bera operadore gisa daogen inguru geografikoekin sinergiak izan ditzaketen beste esparru batzuetan negozio ekimenak gauzatzeaz arduratuko da. Gainera, CO2 isuriak eta karbonoaren prezioa murrizteari loturiko negozio berriak ere garatuko ditu; karbonoa hartzea eta biltegiratzea, batez ere.
Mugikortasun iraunkorreko proiektu berritzaileenen aurkezpena
Repsol-ek Automobil Ekologikoaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Nazioarteko Aretoan parte hartu zuen maiatzaren 20an, Madrilen. Bertan aurkeztu zituen automobilgintza arloan konpainia lantzen ari den proiektu abangoardistenak.
Aurkeztutako proiektuen artean, autogasa (automobilgintzarako petrolioaren gas likidotua), munduan gehien erabiltzen den erregai alternatiboa, Espainiako hornitzaile liderra Repsol duena. Aurkeztutako beste proiektu bat birziklatutako pneumatikoen hautsarekin asfaltoak ekoizteari buruzkoa da; Repsol-ek 1.700 km berde egin ditu dagoeneko pneumatiko hauts horrekin. Eragin akustikoa minimizatzen du, ibilgailuen itsasgarritasuna hobetzen du eta epe luzera dirua aurrezteko aukera ematen du. Mikroalgak oinarri hartuta bigarren belaunaldiko bioerregaiak ekoizteko lanak eta Espainian auto elektrikoak birkargatzeko lehenengo sarearen garapena Repsol ikerketaren abangoardian kokatzen duten proiektuak dira.
Repsol-ek berretsi egin du pertsona ezgaituak integratzeko konpromisoa
Otsailaren 17an, Repsol-ek lankidetza hitzarmena sinatu zuen ONCE Fundazioarekin, INSERTA programarekiko atxikipena berrituz, pertsona ezgaituak plantillan sartzeko. Otsailean, konpainiak Zerbitzuguneetarako Irisgarritasun Gida aurkeztu zuen, sektorean aitzindaria den ekimena, hori ere Repsol-ek pertsona ezgaituen integrazioarekin duen konpromiso sendoaren erakusgarri.
Repsol-ek 544 langile ezgaitu ditu guztira, plantillaren % 2 baino gehiago, eta plantilla osoan gaitasun desberdineko langileen ehuneko hori gainditzen duen Ibex-eko enpresa bakarra da.
Repsol-ek saria jaso zuen Interneten emandako finantza informazioagatik
Joan den ekainaren 28an, Repsol-ek "Interneten finantza informazio, gardentasun eta fidagarritasun korporatibo onena duen Espainiako enpresa" saria jaso zuen, IBEX 35en kotizatzen duten enpresen modalitatean. Kontabilitate eta Enpresa Administrazioko Espainiako Elkarteak (AECA) urtero ematen dituen sari horien IX. edizioa da.
Isuriei buruzko txostenaren gardentasunerako saria
Repsol-ek Emissions Tracking Carbon Verification Leaders Award 2010 saria jaso zuen martxoaren 12an. EIO-k (Environmental Investment Organization) ematen duen saria da, aztertutako 1000 enpresen artean erabat onartu eta egiaztatutako isuriei buruzko txostena egin duten zazpi enpresetako bat izatearren. Repsol da, gainera, erabateko onarpena jaso duen energia konpainia bakarra.
Repsol, “Gold Class” konpainia
Repsol “Gold Class” gisa kalifikatu zuten ‘2010eko Iraunkortasun Urtekarian’. PricewaterhouseCoopers-ek eta Sustainable Asset Management-ek (SAM) egin dute urtekaria, eta 58 sektore industrialen eta mundu osoko 1.200 konpainia baino gehiagoren iraunkortasun praktikak aztertzen ditu.
2010ean, aintzatespen berezia izan dute konpainiak klima aldaketaren aurrean duen estrategiak eta komunitateekin duen harremanak, besteak beste.
Agiri horrek Repsol YPF-ren etorkizuneko zenbatespenak edo proiekzioak biltzen dituzten informazioa, baieztapenak edo adierazpenak ditu. Zenbatespen edo proiekzio horiek egungo plan, helburu eta itxaropenei buruzko adierazpenak bil ditzakete, besteak beste, Repsol YPF-ren finantza egoerari, finantza ratioei, eragiketa emaitzei, negozioei, estrategiari, kontzentrazio geografikoari, ekoizpen bolumenei eta erreserbei eragin diezaieketen joeren gainerako adierazpenak, baita Repsol YPF-ren planak, itxaropenak eta helburuak ere kapital gastuei, negozioei, estrategiari, kontzentrazio geografikoari, kostu aurrezpenari, inbertsioei eta dibidenduen politikari lotuta. Zenbatespen edo proiekzio horietan jaso ahal izango dira, halaber, etorkizuneko baldintza ekonomikoen edo bestelako baldintzen gaineko alderdiak, esaterako, petrolio gordinaren etorkizuneko prezioak edo beste prezio batzuk, fintze marjinak edo marketina, eta kanbio tasak. Etorkizuneko zenbatespen edo proiekzio horiek oro har ondorengoen moduko hitzen erabilerarekin identifikatzen dira: “espero du”, “aurreratzen du”, “iragarri du”, “uste du”, “zenbatetsi du”, “hautematen du” eta antzeko esamoldeak. Aipatu adierazpenek ez dute bermatzen aipatu prezioak, marjinak, kanbio tasak edo bestelakoak etorkizunean beteko direnik eta, beraz, arriskua, zalantza, aldaketa eta Repsol YPF-ren kontrolpetik kanpo egon daitezkeen edo nekez aurreikus daitezkeen bestelako faktore batzuk ekar ditzakete. Arrisku eta zalantza horien artean, Repsol YPF-k eta bere bazkideek Espainiako Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalean, Argentinako Balioen Batzorde Nazionalean eta Ameriketako Estatu Batuetako Securities and Exchange Commission batzordean erregistratutako agirietan identifikatutako faktoreak daude. Lege aplikagarriak hala eskatzen duenean izan ezik, Repsol YPF-k ez du bere gain hartzen, datu berriak argitaratu arren edo gertakari berriak izan arren, etorkizuneko adierazpen horiek eguneratu edo berrikusi egin direla jendaurrean jakinarazteko inolako betebeharrik. |
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.