Repsol-ek eta ONCE fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute ezgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea lortzera bideratutako proiektuak sustatzeko xedez.
Sinatze ekitaldian izan dira Repsol-eko Pertsona eta Antolaketa zuzendari nagusia, Cristina Sanz Mendiola, eta ONCE fundazioko 1. exekutibo presidenteordea, Alberto Durán.
Hitzarmen horren arabera, Repsol-ek berritu egin du ONCE fundazioaren INSERTA programarekiko atxikimendua, hitzarmenak irauten duen hiru urteko epean ezgaitasunen bat duten pertsonak plantillan sartzeko. Bestalde, ONCE fundazioak hautagai izan daitezkeenen prestakuntzan, hautaketan eta jarraipenean lagunduko du.
Horrez gain, konpainiak zeharkako laneratzea sustatuko du ONCEren eta bere Fundazioaren esparruko enplegu zentro berezietan ondasunak eta zerbitzuak erostearen bidez. Hitzarmenak Repsol-en jarduera esparruaren barruan ondasun eta zerbitzuetarako irisgarritasunari dagokionez praktika onak garatzeko aukera aurreikusten du, eta hitzarmenean ezarritako helburuak lortzeko zabalkunde eta sentsibilizazio ekintza desberdinak sustatuko dira.
Bestalde, ONCE fundazioak aholkularitza eskainiko du ezgaitasunen bat duten pertsonek eska ditzaketen behar bereziei dagokienez, eta bere berariazko zerbitzuak eskainiko ditu zehazturiko lankidetza esparruetan.
Ezgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko helburuak garatzeko eta betetzeko, Repsol-ek FSC Insertaren zerbitzuak izango ditu; ONCE fundazioak eratutako irabazi asmorik gabeko elkartea da.
Repsol eta pertsona ezgaituak
Repsol-ek ibilbide luzea du aukera berdintasuna eta kolektibo guztiak –batez ere premia handiena eta lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dutenena– gizarteratzea bultzatzen duten proiektuen garapenean. Repsol-entzat, ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa legezko betebeharretik haratago doa, eta gaitasun desberdineko pertsonek, konpainiari balio erantsia emanez, enpresa aberastu egiten duten usteari erantzuten dio.
Konpainiak 544 langile ezgaitu ditu guztira. Espainian, horietako 357k kontratazio zuzenaren bidez lan egiten dute eta beste 47k, berriz, neurri alternatiboen bidez; plantillaren % 2 baino gehiago dira. Repsol da plantilla osoan gaitasun desberdineko langileen ehuneko hori gainditzen duen Ibexeko enpresa bakarra.
2009an, konpainiak Gaitasun Desberdineko Pertsonak Kontratatzeko Liburu Zuria aurkeztu zuen; ekimen aitzindaria da Europan, langile horiek kontratatzeko eta dibertsitatea kudeatzeko prozesuak estandarizatzeko eta hobetzeko prozeduren gida bat eskaintzeko helburua duena.
Repsol-ek badu bere zerbitzuguneetarako irisgarritasun gida bat ere. Horri esker, horietako bi (Madrilen eta Zaragozan) Espainian AENORek Irisgarritasun Globalean ziurtatutako bakarrak dira (170001 araua). Halaber, konpainiak osotasunean pertsona ezgaituek daramaten lehenengo zerbitzugunea dauka Móstolesen (Madril).
Repsol-ek gaitasun desberdineko pertsonen integrazioaren alde egiten duen lan hau hainbatetan saritu izan da. Enpresa eta Gizarte Behatokiak 2005-2007 aldian kolektibo honentzat enplegu zuzen gehien sortu zuen enpresa gisa aintzatetsi du Repsol, eta Pertsona Ezgaituen Ordezkarien Espainiako Batzordeak (CERMI) konpainiak gaitasun desberdineko pertsonak gizarteratzearen eta laneratzearen alde eginiko komunikazio-kanpaina saritu zuen 2008ko abenduan.
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.