Repsol Sinopec Brasil eta bere kide Petrobras-ek gasa aurkitu dute berriz ere Brasilgo gatz-ondoko offshore eremuan, Vitoriako hiritik 135 kilometrora, Espiritu Santoren arroan.
Malombe izeneko putzua Campo Peroá-ren hego-ekialdean zulatu da, 980 metroko ur-geruza azpian. Hainbat saiakera egin ondoren, aurkikuntza berretsi egin da; honi esker, 2.600 metroko sakoneran gasa hauteman ahal izan da.
Partzuergoak lanak egiten jarraituko du, eta Brasilgo Petrolio Agentzia Nazionalari (ANP) Ebaluazio Plan bat aurkeztuko dio aurkitutako hobiaren mugak zehaztu eta edukiera eta produktibitatea kalkulatzeko.
Repsol Sinopec Brasil-ek %11,9ko partaidetza du partzuergoan, eta Petrobas operadorea geratzen den %88,1en jabe da.
Repsol proiektu-multzo garrantzitsu eta dibertsifikatua garatzen ari da Brasilen, horien artean, ekoizpen-eremu bat (Albacora Leste), garapen-bloke bat (BM-S-7: Piracucá SP), planifikatutako bi proiektu pilotu (BM-S-9: Guará eta Carioca) eta potentzial handiko hamalau esplorazio bloke.
Aurreko urtearen amaieran konpainiak Txinako Sinopec enpresarekin akordio bat sinatu zuen Brasilen dituen esplorazio- eta ekoizpen-proiektuak elkarrekin garatzeko eta Latinoamerikako energia-konpainia handienetako bat sortzeko (17.773 milioi dolarreko balioa duena). Repsol-ek konpainiaren %60 du eta Sinopec-ek, berriz, %40.
Repsol Sinopec Brasil atzerriko enpresa nagusia da Santos, Campos eta Espirito Santo arroei dagozkien esplorazio-eskubideetan; hala, 14 bloketan parte hartzen du eta horietatik zazpitan dihardu operadore gisa.
Brasilgo offshorea munduko hidrokarburo erreserben hazkuntza eremu handienetakoa da.

Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.