Repsol pilotuak seigarren garaipena eskuratu du asteburuan, Bartzelonan, X-Trialeko Munduko Txapelketarako puntuagarria ez den proban. Toni Bouk erakusketa bikaina egin du Palau Sant Jordiko publikoaren aurrean, eta soilik sei puntuko zigorrarekin amaitu du txapelketa. Taldeko kideak, Takahisa Fujinamik, ez du final handirako sailkatzea lortu, laugarren postuan amaitu baitu.
Toni Bouk argi eta garbi erakutsi ditu asmoak hasiera-hasieratik, eta, kanporaketa-fasean, jendea berotzea lortu du, ibilbide ia ezin hobea egin baitu, puntu bakarreko zigorrarekin. Repsolekoak eta Albert Cabestany pilotuak bakarrik lortu dute 5 eremu zailean zigorrik ez jasotzea; hots, txapelketaren finalaren aurrerapena izan daitekeen lekuan.
Trialeko fase erabakigarrian, Cabestanyk eta Bouk duelu ederra eskaini diete zaleei. Azken 5 eremutan iruzur bakarra egin eta gero, Bartzelonako Trialean Toni Bou beste garaipen bat lortzen ikusteko aukera izan dute 10.100 zalek. Pierakoarentzat seigarren garaipena izango da konde-hirian; era horretan, soilik garaipen bakarra falta zaio Jordi Tarresek lortutako erabateko errekorrerako, hark 7 garaipen baititu.
Takahisa Fujinamik laugarren amaitu du proban, eta ez da finalerako sailkatu 8 puntuko aldearengatik. Hala ere, japoniarrak Palauko jendea bereganatzea lortu du beste urte batez, pistan ikuskizuna eskaini eta bertaratutakoen txaloak lortu baititu.
Toni Bou
"Oso pozik nago gaur lortutako emaitzarengatik. Proba hau Munduko Txapelketarako puntuagarria ez denez, lasaiago gidatu ahal izan dugu; hau da, presio gutxiagorekin eta ikuskizun handia eskainiaz, batez ere azken eremuetan. Munduko Txapelketako proba izan balitz, askoz ere gehiago ziurtatuko genuen, baina hemen arriskatzeko aukera duzu, eta azkenean dena ondo atera zait. Hori publikoak eskertzen du. Gainera, ondo gidatu dut, eta oso pozik nago motoa ondo dabilelako. Bartzelonan seigarren garaipena eskuratu ahal izatea oso garrantzitsua da. Egun handia izan da”.
Takahisa Fujinami
"Lasterketa zaila izan da; izan ere, zirkuitua oso teknikoa zen, eta eragozpen benetan zailak zeuden. Garrantzitsuena izan da azkenean laugarren lekuan geratzea, lehenengo hiruetatik oso gertu. Gure helburua hasierako postuetan egotea zen, eta horrela izan da. Asko pozten naiz Toni Bou adiskidearengatik, berriro ere irabazi egin du-eta. Gainera, Bartzelonan gaude, eta, aurten Munduko Txapelketarako puntuagarria ez bada ere, zale asko etortzen da gu ikustera, eta, gaur inoiz baino gehiago, erabateko ikuskizuna espero zen”.
2012/02/06
Azken berriak
> Toni Bouk hirugarren garaipena lortu du jarraian
> Toni Bouk bigarren proban ere irabazi du, Ginebran
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.