Sepangeko malaysiar zirkuituan bi egunez entrenatu ondoren eta lan gogorra egin ondoren, Dani Pedrosak bere Honda RC212V-aren prestakuntza hobetzen aritu da denboraldi honetarako prestatu dioten piezekin. 100 itzuli baino gehiago eman eta ia 600 kilometro egin ondoren, Repsol Honda pilotua hobetzen joan zen –lehenengo egunetik bigarrenera segundo erdia kenduz-, baina oraindik ere lana egin behar duela uste du.
Entrenamenduen bi egunen balantzea egingo al diguzu?
“Xasis berriaren eta Öhlins esekiduren inguruan egin dugu gehienbat lan gaurkoan, hilaren hasieran hemen, Malaysian, egin genituen proben ondoren. Egia esan, sentsazioak oraindik berriak dira niretzat moto berri honekin, Showarekin hainbeste denboraz lan egin ondoren (bai nik bai Hondak) Ohlinsekin lan egiten hasteaz gain, xasisa aldatu duelako eta elektronikak ere eboluzionatu duelako. Orain, horren guztiaren konbinazioa bilatu nahi dugu eta oraindik ez dugu aurkitu, ez ditugu lortu espero genituen aurrera pausoak. Horren guztiaren inguruan hausnartu behar dugu, zer behar dugun ikusi eta aurrera pausoa Qatarreko hurrengo entrenamenduetan eman”.
Ez duzu bukatu espero zenuen postuan. Kezkatuta al zaude Munduko Txapelketa hasi aurretik entrenatzeko bi egun bakarrik gelditzen direlako?
“Ez nago kezkatuta, baina egia da entrenatzeko bi egun besterik ez zaizkigula gelditzen eta, agian, ez da nahikoa izango guretzat. Hala ere, hauxe da egoera eta horrekin egin beharko dugu lan, beraz, lehenengo lasterketarako ahalik eta hobeen prestatzen saiatuko gara. Honda benetan ari da saiatzen, ni ere bai, eta ea emaitzak laster datozen”.
Zein da une honetan duzuen arazoa?
“Zaila da azaltzen, aurkako sentsazioak ditudalako. Alde ona da motorrarekin kurbetatik irtetean kontrola hobetu dugula eta leunagoa dela”.
Hondak zerbait egin dezakeela uste al duzu, hau da, material berria ekar dezakeela?
“Ez dakit plana zein den, hasteko behar duguna aztertu eta egiaztatu behar dugulako eta zer egin beharko genukeen ikusi. Orduan hartuko ditugu neurriak”.
Zein lehentasun konpondu beharko zenukete?
“Orain, xasisarekin eta esekidurarekin ditugu arazoak. Konbinazioa ez da behar bezala ibili eta ez du multzo ona osatu”.
Neguan zure prestakuntzan lan egin ondoren, aurreko urteetako arazorik gabe, sasoian al zaude?
“Egin genuen lehenengo entrenamenduan ez nengoen guztiz ondo eta bi egun haietan ibili ondoren, nire burua ahul ikusten nuen puntuetan entrenamendu pixka bat espezifikoagoa egin nuen, balaztatzean, esaterako. Besoak gehiago landu ditugu, hori bai eta bigarren entrenamendu honetan hobeto sentitu naiz. Oraindik ere hobetu daiteke alderdiren bat eta hilabetea dugu lehenengo lasterketaren aurretik, eta lan ona egin ahal izango dugu”.
Iazko arazorik larrienetariko bat balaztatzea zen, hobetu al duzue?
“Ahazteko moduan ez oraindik”.
Eta elektronikari buruz, zer diozu?
"Aurrera pausoa eman dugula uste dut, baina oraindik motoaren xasisa doitu behar dut, beraz ezingo diogu etekin guztia atera. Xasisarekin eta esekidurekin jarraitu beharreko norabidea aurkitutakoan, elektronika berriari etekin handiagoa atera ahal izango diogu, eta ona dela uste dut”.
Hurrengo entrenamenduak Qatarren dira, gauez, denboraldiaren gainerako lasterketetan aurkituko dituzuen baldintzak ez bestelakoak.
“Bai, lehenengo lasterketari zuzendutako entrenamendua izango da, baina guk gure motoa hobetzeko aprobetxatuko dugu ahal dugun guztien”.
Zure boxean Alberto Puig taldearen team managerra jartzearekin egon den aldaketak eraginik izango al du zuregan? Hauteman al duzu aldaketarik?
“Oraingoz, egoera berbera da. Astiro doaz gauzak, baina arazorik badugu, espero dut azkar konpontzea, gauzak oso argi esaten dituelako”.
Martxoaren 13an, larunbata, izango da Repsol Honda Teamaren aurkezpena. Iaz ez zenuen egoterik izan. Berezia izango da zuretzat…
“Jakina. Gogo handia dut joateko, diozun bezala, iaz ezin izan nuelako ezer ere ez ikusi, zaleekin disfrutatu, eta aurten han egongo naizelako haiekin guztiekin gozatzeko”.
2010/03/02
Lotutako estekak:
• Pedrosa Zonan sartu
• 2010 Munduko Txapelketaren MotoGP pilotu guztiak ezagutu
• 2010eko lasterketa guztiak: Munduko Txapelketaren egutegia
• Datu estatistiko guztiak, sareko superbilatzaile osoenean
Azken berriak
> Marc Márquez, sasoian Valentziako entrenamendu berrientzat
> Repsol Honda Teamak lan bat bukatu gabe utzi du Malaysia
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.