Bigarren eskuko etxebizitza bat erositakoan, ohikoena berrikuntza-obran dirua eta denbora inbertitzea da. Beraz, obrarekin hasi aurretik, komenigarriena da ohiko akatsak ekiditeko urrats egokiak ematea.
Bigarren eskuko bi etxebizitza mota bereiztu behar dira: aldatu, hobetu eta berriztu beharra dutenak, baina erosten duenari bertan bizitzen hasteko aukera ematen diotenak; eta birmoldaketa sakona behar duten etxebizitzak. Lehenengoei dagokienean, egokitzapenerako oinarrizko baldintzak onargarritzat jotzen dira (gaur egungo eskakizunetara egokitutako argikuntzako kableatua, hoditeria egoera onean, sabaietan hezetasunik ez, berokutza-sistema, eta sukaldea eta komuna elementu nahikoez hornituak- erretokia, hozkailua, bainugelako osagarriak. Kasu horretan, komenigarriena etxean sartzea eta denborarekin etxebizitzaren mugak eta litezkeen soluzioak baloratzea da. Horrela, erabiltzaileak etxebizitzaren ezaugarriak, dituen akatsak eta alderdi positiboak hobeto ezagutuko ditu eta erratzeko arriskurik gabe, beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu. Esaterako, etxeko gelak bere erara banatuko ditu ondokoen arabera: orientazioa, argi-orduak, baldintza termikoak (beroa eta hotza), eta ondoko eta goiko etxebizitzetatik datozen zaratak, besteak beste.
Norberaren esperientzian oinarrituta, erabiltzaieak ondoko hauek ezagutu eta aztertuko ditu: auzokideen arteko horma nahikoa ez bada, estaldura isolatzaileak jartzeko beharra baloratuko du, berokuntza-sistema eta aire girotu (balego) sistemen funtzionamendua ezagutuko ditu, dutxako ur-emaria egiaztatuko du, txorroten egoera, zoladuraren kalitatea, sukaldearen banaketa, leiho eta ateen egoera, eta etxebizitza berriak biltegiratzeari dagokionean eskaintzen dituen aukerak (armairuak, jantzigelak…).
Berrikuntza sakona
Bigarren eskuko etxebizitza egoera txarrean bada, ez da saltzailearekin kontratua sinatu behar ondoko alderdi hauek egiaztatu aurretik: instalazio elektrikoaren, berokuntza-sistemaren, sabai, horma eta zoladuren, hodien eta ixteko sistemen egoera. Alderdi hauek guztiek berrikuntza-lanak behar badituzte, zilegiena saltzaileak hasierako prezioa jaistea da, berrikuntza-lan horien kostua 10.000 euro ingurukoa izango baita. Etxebizitza goiko solairuan bada, ezinbestekoa da teilatuaren egoera egiaztatzea; antzinako eraikin askotan “adabakiak” besterik jarri ez dituzten akats esanguratsuak baitaude. Konponbidea ez da erraza, Auzokideen Elkarteak esku hartu behar baitu. Horrek, lanak atzera ditzake, eta gainera, garestia da. Hala ere, egoera txarrean den teilatuaren ondorioak pairatuko duen lehena goiko solairuko bizilaguna izango da. Etxebizitza erosiko duena horren guztiaren jakinaren gainean izan beharko da eta bera izango da aurrera egitea merezi duen ala ez erabaki beharko duena.
Behin salerosketako kontratua sinatuta, pazientzia eta antolaketa ezinbestekoak dira kaosean ez murgiltzeko eta nekea ekiditeko. Erabiltzaileak kudeatzaile bat kontratatzen badu, aukera ona izan daiteke solaskide bakarra izateko eta kontuak hobeto ebazteko. Bestela, urratsez urrats egin beharko da, lehentasunen arabera, ekintza desberdinak ordenean jarraituta: Etxearen banaketa (gelak handitu edo txikitu, trenkadak altxatu edo bota, eta armairuak horman sartu); Industria eta Energiako Zuzendaritza Nagusiak baimendutako instalatzaile batek instalazio elektrikoa (aspaldikoa bada) egokitu, argi-gune, entxufe eta konexio gehiago (Internet, telebista, telefonoa…) jarrita; berokuntza eta aire girotu sistemen instalazioa; hodiak eta litezkeen komuneko eta sukaldeko obrak berrikusi; zoladurak; leihoak eta ateak; hormak (pintura, paper pintatuak…).
Obrak hasi aurretik komenigarria da kostuak erkatzeko lan bakoitzeko gutxienez bi aurrekontu eskatzea, eta lagunekin eta familiartekoekin lan horiek egiteko ea profesional onik ezagutzen duten komentatzea. Behin lehentasuneko kontuak konponduta, etxebizitza berriaren dekorazioan pentsatzen has daiteke.
Gaiarekin lotutako artikuluak
- Etxebizitza birgaitu aurreko aholkuak
- Zer egin daiteke itoginekin?
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.