
Askorentzat, uda lasai egoteko garaia eta sasoirik onena da, edo bakarra, indarrak hartzeko eta gorputza eta burua atseden hartuta ditugula eguneroko zereginetara itzultzeko. Halere, garai horretan, eragile batzuen jarduerek gorputzari kalte egin diezaiokete. Aurpegiko azala horren adibide garbia da.
Egia da, udako oporretan, ordu gehiago lo egiteak eta lasaiago egoteak azala hobetzen laguntzen duela, eta kolorea hartzeak azal zurbila eta betzulo nabarmenak disimulatzen dituela. Baina egia da, halaber, etengabe eguzkitan edo uretan egoteak azal hori deshidratatzen duela eta zimurrak edo orbanak ateratzen laguntzen duela. Hori dela eta, uda igaro ondoren, komeni da azala nola dugun begiratzea eta dermis finari suspertzen laguntzea.
Aurpegirako tratamentu asko daude salgai, era guztietako formulak eta efektu jakinak dituztenak. Miraririk egiten ez badute ere, azalaren itxura hobetzen laguntzen dute. Produktu horiek erabiltzea erabat baztertu gabe, oinarrizko zainketa batzuk egiteak ere zertxobait laguntzen du azal distiratsua eta ederra izaten eta zimurrak beranduago atera daitezen.
Lehenengo eta behin, kontuan izan behar da ordu gutxiegi lo egitea eta urduritasuna berehala ikusten direla aurpegian, hori dela eta, uda amaitzean, garrantzitusa da kirola egitea eta erlaxatzeko teknikak erabiltzen hastea estresari aurre egiteko. Azala tratatzeko beste bide bat azala behar bezala elikatzea da, ongi hidratatzea, egunean gutxienez 2 litro ur edanez eta osasuntsu janez. Betakarotenoa duten barazki asko jatea komeni da, horrek A bitamina baitakar, ehunak eta mukosak lehenera ekartzen laguntzen duena. Betakarotenoa laranja eta hori koloreko fruitu eta barazkietatik eskura daiteke.
Erradikal askeek ere azala zahartzen dute. Horiek sortzen duten eraginari aurre egiteko C bitamina, kolagenoan eragin positiboa duena, eta E bitamina dira onenak. Lehenengoa zitrikoetatik eskura daiteke, eta bigarrena, berriz, landare-olioetatik. Olioak, fruitu lehorrek eta arrain zuriak epidermisa hidratatzen laguntzen duen azido oleikoa dute. Halere, azalak ez ditu irensten ditugun bitaminen propietate guztiak aprobetxatzen. Nolabait esatearren, organoak ez du bitarteko nahikorik onura guztiak ateratzeko. Horregatik, gaur egun ahotik har daitezkeen kosmetiko batzuk hainbat zeluletara iriten lagutzen dute, non azalak propietate horiei etekina ateratzen baitien.
Etxean egindako tratamendu naturalek ere azala hobetu dezakete uda ondoren. Bananarekin eta goilarakada bat eztirekin geruza bat egin daiteke. Hori 20 minutuz eduki behar da aurpegian eta, ondoren, ur epelarekin kendu. Formula horrek azala elikatu eta hidratatzen duenez, oso egokia da eguzkiak kaltetutako azalentzat. Aurpegiko larruazala ongi-ongi garbitzeko ez dago jogurtez eta oloz egindako nahasketa masaje leun batzuekin aurpegian igurtzitzea baino hoberik azala indartzeko, berriz, kamamilaz egindako infusioa oso egokia da. Oliba olioak limoi zuku apur batekin batera distira eta argitasuna emango dio aurpegiari. Limoi zukua onuragarria da azaleko orbanentzat ere, nahiz eta orbanak agertuz gero, horiek guztiz ezabatzea zaila izan. Bestalde, buztinezko geruzek azala garbitzen laguntzen dute eta horrela, zikinkeria kentzen dute.
Noizean behin aurpegiko larruazala esfoliatu behar da, zelula hilak ezabatzeko eta oxigenazioa hobetzeko. Baina kontuz: tratamendu horiek gehiegi erabiliz gero, azala estaltzen duen geruza babeslea deusezta daiteke, eta horrela, kanpoko eragileek errazago kaltetu dezakete. Lurrunezko bainuak hartzeak, berriz, poroak irekitzen laguntzen du, eta erabiltzen diren produktuak errazago sartzen dira larruazalean. Funtsezkoa da ohera joan aurretik makillajea kentzea, izan ere, gauez azalak oxigenoa hartzen du eta, beraz, garbi eta ongi elikatuta egon behar du. Horregatik da hori eguneko unerik egokiena akzio intentsiboa duten kremak, zimurren aurkakoak, adibidez, erabiltzeko.
Ezpainek eta lepoak behar dituzten zainketa bereziak. Ezpainek ez dute sebo-guruinik, melaninarik eta keratinarik eta oso erraz deshidratatzen dira. Horregatik, batez ere uda ondoren, ura emango dieten produktu bereziak behar dituzte, hala nola, argizariak eta ezpainetakoak. Denbora asko irauten duten ezpainetakoek deshidratatu egin ohi dituzte, batik bat, udazkenean eta neguan, haize handia badabil eta hotz handia egiten badu . Bestalde, lepoak, aurpegiko beste edozein aldek baino gehiago, pertsonaren adina erakusten du, oso sentikorra baita. Ez du ia sebo-guruinik, eta grabitateak gogor jotzen du. Aurpegiko produktuak lepoan ere erabili behar dira, beti behetik gora. Ur hotzeko eta beroko bainuak tartekatzen badira, ehun konektiboa hobetzen da, eta jarrera onek zimur goiztiarrak ateratzea eragozten dute.
Azkenik, ezin dugu aurpegiko gimnasia ahaztu. Ariketa batzuk onuragarriak dira aurpegiko larruazalarentzat,aurpegia eusten duten giharrak indartzen laguntzen baitute. Begien ingurua, egunean 15 aldiz, horiek goruntz eta beheruntz txandakatuz hobetu daiteke. Masail-hezurretarako, ahoa itxita masailak puztea da onena, eta kokospea gutxitzeko, berriz, lepoko azala atzeraka tenkatu behar da, leun-leun erakuslearekin eta hatz lodiarekin.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.