
Ura bai gorputzarentzako bai gogoarentzako terapia gisa baliatzen dute. "Hiriko balnearioak" esaten zaie, eta han ematen diren tratamenduak askotan estresari lotuta dauden gaitzei aurre egiteko hautabide bihurtu dira.
Konbinatutako hidroterapiak, masajeek eta beroak, eragin lasaigarria diseinatutako azpiegiturekin bat, medikuntza prebentiboko benetako zentro bihurtzen dituzte SPAk.
Lehen luxuari lotuta ikusten baziren ere, egun guztien eskura dagoen eta organismoarentzat oso terapia onuragarriak eskaintzen dituen aukeratzat hartzen dira. SPA metodoak, jatorriz, uraren bidezko sendaketa esan nahi zuen, eta haren funtzionamenduan ura hainbat presiotan eta tenperaturatan -lortu nahi den eraginaren arabera- aplikatzean datza. Gehienetan, tratamendu horrez gain, osagarritzat, beste mota bateko tratamenduak ere aplikatzen dira, hala nola masajeak, olio esentzialen bidezko aromaterapia, baita algen ezarpena edo oin-erreflexologia ere. Metodorik ohikoena "zirkuituak" egitea da. Ibilbide horiek planifikatuta daude, eta ez dute bi ordu baino gehiago irauten, gehienetan. Gehien komeni dena da aurretik azterketa medikoa egitea, eta, ondoren, fisioterapeuta batek zure behar pertsonalak planifikatzea. Bereziki gomendaturik daude kirol gaitzetarako, artritiserako eta artrosirako, bizkarreko patologietarako, arazo dermatologikoetarako, eta min kronikoak arintzeko. Aldiz, ez da gomendatzen infekzio-gaixotasunik, bihotzeko arazorik edo presio arterial baxurik izanez gero, tenperatura handiek lipotimiak eragin ditzakete eta.
Eragin terapeutikoa
Hotzaren eta beroaren arteko kontrasteek eta gorputzaren gaineko presiopeko urak eragin onuragarriak ditu organismoan, odolaren zirkulazioari laguntzen diotelako, masaje lasaigarria egiten dutelako, eta horrek giharrak erlaxatzea eta gehienetan bizkarrean eta zerbikaletan egoten diren tentsioak arintzea dakarrelako. Balnearioetan ez bezala, haietan ur sendagarriak eta osatzaileak erabiltzen baitira, SPAek iturriko ura hartzen dute beren terapietarako; ezberdintasuna, hortaz, ur hori aplikatzeko moduetan datza. Gainera, azken horietan ez dago segimendu medikorik, eta eskaintzen dituztenak dira tratamendu terapeutiko eta estetikoak. Oro har, gehien eskatzen diren tratamenduak erlaxazioari lotutakoak dira, estresaren aurkako tratamenduak eguneroko jardueretako higadurari aurre egiteko. Jakina da halako tentsioko egoerak luzatu egiten direla, eta, azkenean, bihotzeko arazoak ekar ditzaketela; halaber, gihar-tentsioa areago dezakete, eta horrek batzuetan uzkurdurak sortzen ditu.
Zentro hauek guztiek organismoan uraren bitartez eragin lasaigarria dituzten zirkuituak eskaintzen dituzte, baina, fenomeno berri samar denez, badira hainbat zerbitzu bateratzen duten SPA batzuek: zenbaitetan, gimnasio baten barrukoak dria, eta beste zenbaitetan hidroterapiako tratamenduak eskaintzen dituzten estetika-zentroak dira. Soilenetik osatuenera, zirkuitua oinarrizkoa izan daiteke, lasaitzeko helburua duena, eta, bukatzeko, algen bidezko tratamenduarekin eta masajearekin konbinatu ohi dena, edo tratamendu sendogarriko zirkuitua izan daiteke, bainu turkiarrarekin, presiopeko zorrotadekin, eta gatzekiko hidromasajearekin, beste zerbitzu batzuen artean. Horiez gain, badira estresaren aurkako zirkuituak, mehetzekoak eta desintoxikatzekoak, eta urpeko masajeak, alga-estaldura eta presiopeko zorrotadak barne hartzen dituztenak.
Tratamendu hauek jendartean asko zabaldu denez, haien prezioak egun merkeagoak dira. Gainera, SPA gehienetan bonoak eskura daitezke, dagokien tratamenduaren araberako prezioa dituztenak.
Gehien eskatzen diren tratamenduak
Oro har, Vichy dutxa da gehien eskatzen dena; masaje orokorra da, eta hanbat presiotan aplikatutako ur-zorrotaden pean hartzen da. Masaje jasoko duena esku-ohe batean etzanda dago, eta esku-ohearen gainean ur epeleko mikrozorrotadak daude. Oso lasaigarria da, eta eraginkorra erreumatismoa tratatzeko; horrez gain, masajean lurrak edo algak ezar daitezke, tratamendua bereziki atsegin bihurtzen duena.
Gehien eskatzen diren terapietako beste bat dutxa eskoziarra da. Ura hainbat presiotan aplikatzen da, ur beroa eta ur hotza tartekatuta, pertsonaren oinetatik bururaino. Horrela zirkulazioa bizkortzen da, gorputza suspertzen da, eta azala sendotzen da.
Bestalde, bai masajeak bai gorputzean algak edo lurrak ezartzea terapia osagarri gisa erabili ohi dira minak arintzeko edota azaleko patologiak hobetzeko, maskei dagokienez.
Hidraterapia hori osatzeko, SPAek, gainera, osagai naturaletan oinarritutako estetika-tratamenduak eskaini ohi dituzte. Dudarik gabe, aromaterapia, olio esentzialak aplikatzean datzan teknika, da zentro hauetako bezeroek gustukoen duten terapia; dena den, algen bidezko esfoliatze-tratamenduak eta azala leuntzeko eta hidratatzeko beste batzuk ere asko eskatzen dira.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.