
Haur literaturak aspertzea saihestu behar du eraginkorra izateko, horregatik liburuek haurraren interes eta ahalmenetara egokitu behar dute. Denek gauza jakintzat jotzen du haurrek liburuak irakurri behar dituztela, irakurketak funtsezko elementua delako haien heziketan.
Baina, zein heziketa? Heziketa intelektuala, psikologikoa, ludikoa, edo heziketa integrala, beharbada? Galdera horiei erantzutean sortu ohi dira adostasun-eza eta gaizki-ulertuak.
Haurrentzako liburuak irizpide unibertsalekin, haur guztientzat balio dutenekin, balioztatzea ez da erraza. Esan bezala, ez da erraza eta, beharbada, ez da komeni balioztatzea, inkisizio-moralkerian erortzeko dagoen joera ezagunagatik, edo, okerrago, helduek dituzten estereotipoetan oinarrituriko inposaketak, asmo oneko itxura estetiko edo hezitzailea izan ohi dutenak, egiteko joeragatik, heldu horiek gutxi irakurtzen dutenean, edo, argi esanda, ez dute irakurtzen.
Haurrentzako liburua nolako izan behar den aholkatu beharrean, «gai horretan adituak diren askok askok egiten duten hutsa», liburuok «nolakoak izan behar ez duten» zehazteko irizpideak ezarri beharko lirateke. Eta lehen irizpidea eztabaidaezina da: ez dute aspergarriak izan behar. Horrek ez du esan nahi ohiko entretenimendu-ereduei jarraitu behar diegunik, orduan beste bide batzuek inposaturiko hutsalkeriara eta zalapartara lerratuko baikinateke. Aspertzea saihestea, irakurgaiei dagokienez, interesa eta jakin-mina piztea da, edo irakurleari nolabaiteko atsegina eskaintzea.
Jarrera harkorra
Bistan denez, zaila dela haurrek zer nahi duten jakiteko gakoak aurkitzea, batez ere txikienen kasuan. Baina haurra uste baino irakurle irekiagoa da, eta, liburuan barneratzen denean, jarrera harkorra hartu ohi du; hartara, gutxien espero den alderdian aurkitzen dituzte gauza interesgarriak. Hala ere, liburu bat gustuko ez badu, utzi egiten du. Zeri uko egin ohi dion jakinda, beste mota bateko irakurgaiak eskaini ahal izango diogu.
Liburuak gatzgabea ere ez du izan behar. Borgesek, hain zuzen, haurkeriaren arriskuaz ohartarazi zuen, umea ergeltzat hartzen duten egileen hutsegiteaz, alegia, umeak, egiatan, jakintsu sentitu nahi duelako. Mundu berriak aurkitu nahi ditu, eta badaki horrek zailtasunen bat dakarrela berekin. Oztopoak gaindiezinak ez izatea (hitz handinahiak, sintaxi hanpatua, pertsonaia gehiegi, narrazio-egitura konplexuak) aski da, eta umea ahalegina egiteko prest dago, abentura bikoitza bizitzea gustuko duelako: fikzioak eskaintzen dion abentura, eta ulertzeko egiten duen ahaleginaren abentura. Umeengana iristen jakin duten egile handi askoren arrakasta hitz egiten dietenean erakusten duten errespetuan datza, pertsona ikasiei bezala.
Adin bakoitzak bere liburua
Jakina, haurren garapenak baldintza ezberdinak jartzen dizkio literaturari, adinaren arabera. Argitaletxeek adin-tarteak jarri ohi dituzten beren liburuetan, aldizkari espezializatuetan bezala. Hala ere, «ibilbide»en inguruko ideia zurrunak baztertzea komeni da, teorian zortzi urteko umeentzat diren liburuak gustatzen zaizkiolako seiko edo hamabiko bati ere. Irakurketa ez da prozesu lineala edo gorako prozesua, haren alderdi hezitzaileari bakarrik begiratu ezean.
Teresa Colomerrek (haur-literaturan aditua da eta Siete llaves para valorar las historias infantilesen egilea eta koordinatzailea -Fundación Germán Sánchez Rupérez, 2002- ikusi du irakurle gazteak gero eta gehiago eskatzen dutela, eta ez zaizkiela aski ustez beren adinakoentzat diren obrak. Nolabait, haur eta gazte literaturak helduen literaturak izan duen prozesu bera pasatu du: gutxi axola du fantastikoa edo errealista izatea, konprometitua edo denbora-pasakoa, didaktikoa, sentimentala, beldurrezkoa edo bidaiei buruzkoa izatea, baldin berezko kalitatea badu, betiere.
J.R. Tolkien, bere sinesbideetan oso moralista zen eta heterodoxiatik erabat urrunduta zegoen autore bat, bere garairako, honako hau esan zuen: «kontakizuna kontakizuna baino ez da, literatur eragina izan nahi duen literatur lan bat». Eta ez da gutxi gero, baldin literaturtasunaren funtzioei erreparatzen badiegu; eta, besteak beste, hauek dira: irudimena estimulatzea, mundua ulertzea, aukera berriak aurkitzea, nork bere burua ezagutzea, atsegin estetikoaz gozatzea, norberaren hizkuntza aberastea.
Dena dela, argitaletxeetan gazteentzat dagoen ekoizpen eskerga dela eta, ezin da beti asmatu alea eta lastoa bereiztean. Gidak beharrezkoak dira, eta badirenak ez dira beti fidagarriak. Gaiari buruzko aldizkari monografiko ugari argitaltxeen interesen mende daude; irakasleak aholkularirik onenak izan daitezke, baina, askotan, didaktismoan edo egunerokotasunaren nagitasunean erortzen dira; literatur kritiko gehienek haurrentzat idatzitako literatura «literatura txiki»tzat jotzen dute oraindik ere, eta ez diote jaramonik egiten. Nortaz fidatu, orduan? Umeez berez fidatzeaz gain, liburuzainez, horiena baita, ziur aski, haurrentzako irakurgaietan eskarmenturik handiena duen gremioa.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.