Azken urteetan, kontsumitzen diren elikagaien jatorriari buruzko kontsumitzaileen kezka asko handitu da. Janari osasungarriagoa bilatzeaz gain, elikagai horien ekoizpena nekazaritza iraunkorraren eta ingurumenaren zaintzaren printzipioen araberakoa izatea lortu nahi da. Alabaina, horren eraginkortasunak eztabaidarik ere sortu du.
Azken urteetan, gero eta ugariagoak dira “elikagai ekologikoak” etiketapean supermerkatuetako apalategiak betetzen dituzten produktuak. Produktu horien ekoizpenean ez da ongarri ez-organikorik ez pestizidarik erabiltzen, ez eta ingeniaritza genetiko bidez aldatutako organismorik ere (laborantza transgenikoak deituak); horrela, kontsumitzailearen osasuna babestu eta ekosistemaren gaineko inpaktua murriztu nahi dira.
Gehigarrien erabilera ere oso mugatuta dago; horrela, elikagai konbentzionaletan 3.000 gehigarri bitartean onartzen badira ere ( kontserbatzaileak, koloragarriak, egonkortzaileak eta abar), produktu ekologikoentzat ezarritako gehienezko kopurua 36 baino ez da. Europako araudiaren arabera, bukaerako produktuaren nekazaritzako osagaien %95ak, gutxienez, ekologikoak izan behar dute ekologiko gisa etiketatuak izateko.
Michael Pollan elikadurako adituaren arabera, mendebaldeko janariak azken hamarkadatan kalitatea galdu du prozesatutako elikagaiak, artoaren eta sojaren eratorri asko dituztenak –labore merkeak baitira–, ugaritu direlako. Horri esker, janari-enpresen ekoizpen-kostuak merkatu egiten dira, baina, bestetik, eragozpenik ere badu, kaloria-kopurua gehitu egiten baita eta horrek kontsumitzaileei diabetes- eta obesitate-arazoak eragin baitiezazkieke. Elikagai ekologikoek ez dituzte gehigarri horiek; beraz, kontsumitzaileen osasunerako hobeak dira, baina hori bai, ekoizpen-ezaugarri bereziek artisau-lan handiagoa eskatzen dutenez, produktu horiek garestiagoak izango dira.
Dena dela, janariaren tratamendu industrial guztiak ez dira kaltegarriak. Adibidez, espezialistak bat datoz zukuen eta esneen pasteurizazioaren garrantzia azpimarratzean, organismo kaltegarriak eliminatzea ahalbidetzen baitu, esate baterako, E. Coli O157:H7 eta salmonellosia, biak ere, oso kaltegarriak.
Zenbait iritzi
Susanne Bugel, Kopenhageko Unibertsitateko Giza Nutrizioko Saileko doktoreak zuzendutako ikerketa berri bat are harantzago doa eta organikoa hobea dela sostengatzen duten ebidentziak daudela dio. Ikerketa horren arabera, hiru kudeaketa-sistema desberdinen bidez (guztiz organikotik konbentzionalera) lortutako nekazaritzako produktuen nutrizio-edukia aztertu ondoren, kalitateari dagokionez ez dela inolako alderik hautematen ondorioztatzen da.
Juan Jose Ibañez biologo eta Basamortutzeari buruzko Ikerketa Zentroko Zientzialari Titularrak eta FAO erakundeko (Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundea) kolaboratzailea ere badenak dio “nekazaritza industriala kontsumitzailearentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak direla sobera frogatuta geratu dela”; era berean, bere zalantzak ditu elikagai ekologikoei egozten zaien kalitate hobeari dagokionez; izan ere, zenbait kasutan, nekazaritza-mota horretan erabilitako produktu organikoak kontaminatzaileak izan daitezke. Beraz, kontsumitzaileei elikagai konbentzionalekiko itxaro diren aldeak agian betetzen ez dituzten produktuengatik diru gehiago ordaintzen aritu daitezkeela ohartarazten die.
Bestalde, beste zenbait ikerketek, Ingalaterrako Soil Association elkarteak egindakoak kasu, adierazten dutenez, produktu ekologikoen erdiek baino gehiagok produktu konbentzionalek baino mineral- eta bitamina-eduki handiagoa dute. Bestetik, Carlo Leifert, Mikrobiologian doktorea eta Newcastle-ko Unibertsitateko irakaslea denak zuzendutako ikerketa batek adierazten du elikagai ekologikoek konbentzionalekin alderatuz duten bitamina eta gantz-azido poliinsaturatu ekarpen handiagoa %40 eta %80 bitartekoa dela, nutrientearen eta elikagaiaren arabera. Beraz, eztabaida mahaigaineratuta dago.
Gaiarekin lotutako artikuluak:
- Janari osasungarriaren bunbada
- Locavorea, bertako elikagaiak soilik
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.