
Etxe sostengagarri edo ekoetxebizitza batean, orientazioa, eraikitzeko erabilitako gaiak zein lorategiko landare-espeziak, dena dago pentsaturik natur baliabideei albait errentagarritasunik handiena ateratzeko.
Benetako etxe bioklimatikoa batean (
tokiko ingurumen-baldintzak aprobetxatuz bizilagunen erosotasun-beharrak betetzeko proiektatzen dena), arreta handia jartzen zaie tenperatura- eta hezetasun-konfortari, airearen kalitate egokiari, eta antzeko arazoei. Baina ez kontzeptua ez haren erabilerak ez dira berriak; eraikin tradizional gehienak printzipio bioklimatikoei jarraituz egin izan dira. Arkitekturan zentzu komuna aplikatzean datza, hau da, orientazioa, aireztapena eta antzeko faktoreak kontuan hartzean, etxebizitza bioklimatikoaz hitz egin ahal izateko. Zorionez, egunez egun irizpide ekologikoak nagusituz doaz, eta eraikin askotan sartzen ari dira. Gainera, aurrerapen teknologikoei esker, horrelako etxe bat, gaur egun, prestaturik dago eguzki-energiaz baliatzeko, hura gela guztietara banatzeko, eta biltegiratzeko, bizilagunen kontsumo-beharrei erantzute aldera. Klimatizazio autoaskia
Teknikari dagokionez, etxe bioklimatikoa energiaren aldetik autoaskia izan dadin lor daiteke. Teilatuan atzitzen eta eraldatzen da eguzkiaren erradiazioa. Tenperatura, gehienetan, konbekzio naturalez erregulatzen da, eta sistema horrek aire beroa etxebizitzaren beste muturreraino joan dadin ahalbidetzen du. Eguzki-sistema termikoaren bidez, eguzkiak igortzen duen beroa ur beroa eta berokuntza lortzeko erabiltzen da. Era berean, eguzkiaren beroa etxea hozteko balia daiteke, xurgatze-makinen bidez. Natura bere onurarako aprobetxa dezakeen eraikin batean oso garrantzitsua da, orobat, lorategiko landaredia. Ongarririk edo zainketa berezirik behar ez duten landareak aukeratzea oso garrantzitsua da, eta ureztatze-sistemak bere burua hornitu behar du, uraska txikietan bildutako euriarekin bakarrik. Terrazak, portxeak, lorategiak, patioak eta berotegiak... Guztiek dute garrantzia. Baina patioa da funtsezko elementuetako bat, estrategia bioklimatikoaren barruan, eta ez da udaldian bakarrik aprobetxatzekoa. Neguan ere erabiltzen da, irekia edo itxia izan dadin lortzen denean, kanpoko tenperaturaren arabera. Txundigarria da nola batzuetan lor daitezkeen, ingurunearen baldintza bioklimatikoak aztertuta, etxebizitza autoaskiak klimatizazioaren aldetik, batere instalazio osagarririk gabe edo oso laguntza txiki batzuekin. Halako etxebizitzak egiten dituztenen aburuz, inguruko klimari egokituriko etxe bioklimatiko batekin, Espainiako hiriburuen erdietan berokuntza ez litzateke beharrezkoa izango, eta dozena batean baino ez litzateke hozte sistema erabili beharko. Prezio berean
Etxe bioklimatikoa udan fresko eduki dezakegu, eta neguan beroa gorde dezake. Eta ez du zertan garestiago atera edo familia bakarreko etxebizitza izan. Adituek hori diote, behinik behin; halaber, badiote eraikuntza arrunt batek behar duen energiaren erdia eta % 80 bitarte kontsumitzen dutela. Alderdi komertzialari dagokionez, gero eta bideragarriagoa da ingurumenerako kutsadura gutxiago sortzen duten etxebizitzak eraikitzea. Arkitektura sostengagarriaren giltza erraza da, arkitektura tradizionalaren balioak berreskuratzean eta teknologia-aurrerapenak aprobetxatzean datza.
Eraikuntza-mota honen prezioa kokalekuaren, ezaugarrien eta tamainaren arabera aldatzen da, ohiko etxebizitzekin gertatzen den bezala. Halarik ere, baldintza berberetan alderatzen baditugu ohiko etxebizitza bat eta etxebizitza bioklimatiko bat, hasiera batean, ez du zertan gehiago kostatu; asko jota, % 12 garestiago izango da, gai isolatzaile hobeak erabiltzen direlako. Dena dela, gainkostu horrek azkenean merezi du, ondorioz energia-kontsumoan aurrezten dena dela bide. Aurrezten denarekin, arkitektoen arabera, 3 bat urtean berdintzen da egin beharreko gastu gehigarria. Hona hemen eraikin bat bioklimatikotzat hartzeko beharrezkoak diren ezaugarrietako batzuk: - Haren kokalekuak klima, lur-eremuaren morfologia eta tokiko landaretza aintzat hartu behar ditu.
- Eraikitzeko prozesuak ingurunea errespetatu behar du.
- Espazioen banaketak irizpide funtzionalen zein energia aurrezteko irizpideen araberakoa izan behar du, eta barruko tenperatura erregulatzea ahalbidetzen duten baliabide pasibo guztiak aprobetxatu behar ditu (leihateak, orientazioa, isolatzaileak...).
- Ez da gai toxikorik, hala nola PVC, erabili behar.
- Ur-kontsumoa optimizatu behar da.
- Eskuragarri diren energia berriztagarriak jarri behar dira.
- Ahal den neurrian, hondarrak berreskuratu behar ditu, eta isurkinak araztu. Ekoetxebizitzek edo etxebizitza ekologikoek beharrezko guztiak dituzte gizakien eta naturaren arteko harmonia erdiesteko: orientazioa, teknologia, diseinua eta barrualdean hotzetik eta zaratatik isolatzeko gai arkitektonikoak. Gainera, udalerri batzuetan diru-laguntzak ematen dira halako etxeak eraikitzeko edo erosteko.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.