Neguan, isolamendu termiko kaskarra duten leihoak berogailuaren fakturaren %10-%25aren eragile izan daitezke. Udan, beste hainbeste gertatzen da aire girotuarekin. Zorionez, teknologiak ingurumenaren mesedetan jarraitzen du aurrera egiten.
Izan ere, patentatu berri dira ur hotzeko zirkuituaz hornitutako leihoak; bero handia denean, eraikina fresko eusteko beharrezkoa den energia neurri handi batean aurrezten dutenak.
Asmatzailea Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) Ingeniaritza Aeronautikoko Goi Eskola Teknikoko ikertzaile-talde bat da. Garatu dituzten leihoek beiraz hornitutako fatxadak dituzten eraikinetan aire girotua mantentzeko beharrezko gastu energetikoaren %70a aurrezteko aukera ematen dute.
Horrelako leihoen ezaugarri nagusia urak zirkulatzeko zentimetro lodiko kamera bat dutela da. Zirkuituak izpi infragorriak xurgatzen ditu eta, horrela, eguzkiaren argia leihoaren atzera iristen bada ere, leihoa ez du berotzen.
Zirkuituko ura berotu eta beroa barrura transmititu ez dezan, leihoetako markoa trukagailu geotermiko batera konektatuta egongo da. Hori likidoa 20 bat metroko sakonera eramango duen hodi-sistema bat da, 15 gradu zentigradoko batez besteko tenperatura izango duena. Beroa lurrari transmititzeko beharrezkoa izango da sakonera horretara iristea.
Leiho berritzaile horien bukaerako prezioak kristal bikoitzeko leihoena hirukoiztu egingo du, baina sistema berri horren sortzaileen hitzetan, horiei esker aurrezten den energiak inbertsioa errentagarri bihurtuko du denbora gutxiren buruan.
Eguzkiak birberotuak
Izan ere, leihoak etxeko apaingarri nagusietakoak izateaz gain, kanpoko argia etxera sartzeko, aireberritzeko eta neguan eguzkiaren beroa jasotzeko balio dute. Baina bero egiten duen sasoietan, aire girotuaren ekipoa batzuetan indartu egin behar izaten da eguzkiak birberotutako leihoetatik sartzen den aire beroa hozteko.
Egun jarri ohi diren leiho berriek kristal bikoitza edukitzeaz gain, zenbait material espektral hautatuaz eginak daude. Errendimendu handiko beira hori eguzki-erradiazioa ehuneko handi batean xurgatzeko gai da, beraz, aire girotuaren gastua %10-%15ean murriztu dezake. Leiho eraginkorrenek barneko tenperaturari eusten diote. Horretarako, kristal bereziaz eta bero-emisibitate txikiko estalduraz hornituta egoten dira.
Aholkuak
Leiho eta kristal atermiko modelo berriak eta gero eta eraginkorragoak orokortu bitartean, etxe barrua berotik babesteko eta aire girotuaren faktura murrizteko, gortinak, toldoak eta pertsianak erabiltzea komeniko da. Egiteko horretarako baliagarriak izan daitezkeen zenbait aholku emango dira jarraian, hala nola:
· Gortina edo pertsiana zuriek beroa etxetik kanpoaldera islatzen dute.
· Hegoaldera eta mendebaldera ematen duten leihoetako gortinak egun osoan zehar itxita edukitzea komeni da.
· Bero handia egiten badu, batez ere, hegoaldera eta mendebaldera ematen duten leihoetan toldoak jartzeko aukera baloratzea komeniko da.
· Eguzkiaren beroa metatzea ekiditeko, hegoalderantz orientatuta dauden leihoetan eguzkiaren argia kontrolatzeko laminak edo islatzaileak instala daitezke.
Etxean erreformak egiten direnean, errendimendu handiko leihoak jartzeko aukera aztertzea komeni da. Egindako inbertsioari energia aurreztuz buelta emateko urteak beharko badira ere, horrelako leihoak jartzeak ingurumenari egiten dioten mesedea ikusita erabaki hori hartzeak merezi dezake. Leihoen markoak aluminiozkoak, egurrezkoak, binilozkoak, beira-zuntzezkoak edo aipatutako material horien arteko nahasketaren batekoak izan ohi dira. Bukatzeko, leihoek CE marka edukitzea bereziki garrantzitsua izango da horrek dakartzan ondorioak ikusita.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.