D bitamina funtsezko osagaia da haurraren hazkuntza egokia, osasuntsua eta orekatua izan dadin. Alabaina, bitamina horren gabezia helduaroan gertatzen bada, gaixotasunak jasateko arriskua oso handia izango da. Ikasi horiei aurrea hartzen.
Elikadura osasuntsua funtsezkoa da gure bizitzako etapa guztietan, baina, bereziki, haurtzaroan, fase horretan garatzen baita pertsonaren hezur-egituraren %90 inguru. Hezurrak gure organismoaren euskarri dira eta sendoak eta erresistenteak izatea komeni zaigu. Hori dela eta, kaltzioaren eta D bitaminaren gabeziak haurraren hazkuntzan ondorio negatiboak eragin ditzake.
Dena dela, Espainiako Osteoporosiaren eta Hezurretako Gaixotasun Metabolikoen Fundazioak (FHOEMO) eginiko azterketa baten arabera, Espainiako haurren %10ak baino ez du hezur-egitura osasuntsu hazteko beharrezko kaltzio-dosia hartzen. Kaltzioa eskeletoa eratzeko funtsezko elementua da eta adituek hazkuntza-fasean zehar, egunean, gutxienez, gramo bat hartzea gomendatzen dute. Batez ere, esneak eta bere eratorriek dutela jakin behar duzu eta, baita, fruitu lehorrek ere.
Eguzkitan jartzea
Baina kaltzioan aberatsa den elikadurak ezer gutxirako balio du D bitaminan aberatsak diren jakiak jan ezean. Bitamina hori funtsezkoa da giza gorputzarentzat, hezurren berriztapen-prozesu normal bat gauzatzeko hezurrek beharrezko duten kaltzioaren xurgapena errazten baitu. Gainera, muskuluak sendotzen eta haien funtzionamendua hobetzen laguntzen du.
Bitamina hori larruazalean sintetizatzen da eguzkitik datozen eta gero kolekaltziferol (D3 bitamina) eta ergokaltziferol (D2 bitamina) bihurtzen diren erradiazio ultramoreen eraginari esker. Baina, horrela, askieza izango da eta eguneroko elikadurarekin osatu beharko da. Alabaina, modu naturalean D bitamina duten produktuak oso gutxi dira. Horien artean, esnekiak, arrautza-gorringoa, ostrak, arrain koipetsuak –izokina esaterako– eta sardinak eta arrain gibelezko olioa ditugu.
Badirudi, egoneko bizimodua, elikadura txarra –D bitaminan aberatsak diren jakiak barnebiltzen ez dituzten janari lasterra jateko eta dieta egiteko joerak eragina– eta ariketa fisikorik eta aire zabaleko jarduerarik ez egitea lirateke Espainiako haurrek hezur-egitura kaskarra edukitzearen hainbat kausa. Obesitatea eta gain-pisua ere sarritan haurren artean agertzen diren beste bi arazo dira.
Helduaroan, D bitaminaren eskasia eduki dezakete kasik etxetik irten ere egiten ez duten pertsonek eta zenbait farmakoren gaixo kronikoek. Horiek, gainera, osteomalazia-sintomak (alterazioak beren hezurren kalitatean) ere ager ditzakete.
D bitaminaren gabeziaren ondorioak
D bitamina eta kaltzioa metabolismoan erlazionatuta dauden faktoreak dira. D bitaminaren gabeziak kaltzioaren xurgapena murriztu dezake eta horrek hezurretako mineralen dentsitatea jaistea (hezurrak hausteko eta hortzetako nahasmenduen arrisku handiagoa) eta errakitismoa eragin ditzake eta, azken azterketen arabera, koipeen metaketarekin eta obesitatearekin ere lotuta egongo litzateke. Bestetik, bitamina horren gabeziak sistema immunologikoa ahuldu dezake eta haurrek katarroak harrapatzeko joera izatea eragin dezake.
Helduaroan D bitaminaren gabezia edukiz gero, erorien arriskua areagotu egiten da eta, baita, hausturak, osteoporosia, edota hezurraren galera jasateko arriskua ere. Horretaz gain, alterazio metabolikoak (kaltzio-maila txikiak odolean), muskuluetako kalanbreak eta neke sentsazioa eta buruko minak ere eragin ditzake.
Bestalde, pertsonak zahartzen doazen heinean, larruazalak eguzki-argia D bitamina bihurtzeko gaitasuna galtzen joaten da eta, neurri berean, giltzurrunek ezin izaten dute bitamina hori bere forma aktibo bihurtu.
Gaiarekin lotutako artikuluak:
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.