Ipuin batetik atereak badirudite ere, errealitate bat dira. Tomate urdinak, genetikoki eraldatuak, helburu terapeutikoa duten txertoak eta proteinak ekoizteko sortu dira.
Valentziako Landareen Biologia Molekularreko eta Zelularreko Institutuak (IBMCP) eraldaketa genetikoaren bitartez fruituak diseinatzeko proiektu bat garatu berri du; proiektu horrek helburu terapeutikoa, sendatzailea nahiz arintzailea, besteak beste, duten txertoak eta balio erantsiko proteinak ekoiztea lortu nahi du.
Ideia, bereziki, berria da, izan ere, sendagaiak hartu beharrean, prozesua tomateetan, normalean jan ohi ditugunetan, garatu da balio antioxidatzaile handia baitute. Alabaina, oraindik ikerketa asko egin behar da jendeak tomate terapeutiko horiek eskuragarri izan ditzan.
Aurretik, besteak beste, arrozaren, sandiaren eta pepinoaren aldaera transgenikoak sortuak ziren. Tomatea aukeratu dute, mendebaldeko dietan ohiko elikagaia delako, bitamina-iturria da eta, gainera, biomasa-kopuru handia erraz sortzeko gai da.
Digestio-aparatua babestea
Batetik, tomatearen beraren kalitatea hobetzea da helburua eta, bestetik, barazki horretan normalean ez dauden proteinak helburu terapeutikoetarako ekoiztea. Horrela, tomate urdinen kontsumoak zenbait gaixotasunen aurrean defentsa organikoak ugarituko lituzke. Adibidez, jate-prozesuan irensten diren infekzio-eragileen aurrean digestio-aparatua babestea posible izango litzateke. Gainera, gizakientzat nahiz animalientzat txertoak garatzea ahalbidetuko luke, batez ere, beherakoaren aurkakoak.
Ezaugarri horietaz gain, eraldaketa genetikoak tomate horiek kolore urdinxka berezia edukitzea ahalbidetu du. Kolore horren helburu bakarra kontsumitzaileak tomate arruntak terapeutikoetatik erraz bereiztea da. Kontuan hartu behar da kanpoko itxurak ez dituela produktu transgenikoak gainerakoetatik bereizten. Horregatik, hain zuzen, eraldatu zen fruituaren pigmentuaren sintesia.
Bestetik, tomate transgeniko horiek ezaugarri hobetuak eskaintzen dituzte: tomate tradizionalek baino antioxidatzaile-ekarpen handiagoa eta, baita, bitamina-ekarpen handiagoa ere; hazirik ez daukate eta aroma eta zapore hobea dute. Estatu Batuetan, tomate moreak ere badaude; kolore horrek ahabietan dauden substantziak ditu, minbizia eta bihotzeko gaixotasunak pairatzeko arriskua murrizten dutenak.
Ikertzaileen arabera, tomate-landare transgenikoak ezinbestekoak dira kalitatezko fruituen sorreran –zeinak, ohikoak ez diren baldintzetara egokitu ahal izango diren– gene bakoitzaren funtzioa zein den aztertzeko.
Edonola ere, barazki bikain hori bere forma tradizionalean erabat gomendagarria da eguneroko dietan sartzeko. C eta A (karotenoideak) bitaminetan, lehenengo eguzki-izpietatik babesten dutenetan, aberatsa da. Gainera, B, eta K taldeko bitaminak ditu. Horretaz gain, mineralak, bereziki, burdina, fosforoa, kaltzioa, manganesoa, magnesioa, kobrea, potasio, zinka eta sodioa ere baditu.
Likopenoak, kolore esanguratsu hori ematen dioten substantziak, propietate antioxidatzaileak ditu, arteriosklerosiari aurrea hartzen dio eta minbizi-mota desberdinen aurrean babesten du. Beste osagaietako bat flabonoideak dira, zelula-hormen osotasunari eusten parte hartzen duten pigmentu fenolikoak dira.
Gaiarekin lotutako artikuluak:
- Janari osasungarriaren bunbada
- Makrobiotika: jatearen filosofia
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.