Borraja jatorriz Afrikakoa da eta arabiarrek sartu zuten Espainian. Hotzarekiko eta izozteekiko oso erresistentea da. Hostoak eta zurtoina ilez beteak edukitzeagatik bereizten diren Boraginazeoen familiako landare adierazgarriena da.
Eta hain zuzen hortik dator bere izena. “Borra”-k latinez ilea esan nahi du. Bada, ordea, loreen izerdi-propietateei zeharkako aipamena eginez, “bou-rasch” (izerdiaren aita) arabiarretik datorrela dioenik ere. Eskualde epeletan 1.500 espezie inguru aurki daitezke naturaltasunez. Mediterraneoko arroa bereziki ugariak diren munduko zonaldea da.
Tradizionalki, borraja bertako kontsumorako barazki gisa hartu izan da, baina egun oso zabalduta dago. Urte osoan zehar aurki daiteke kontserbatan, jada garbituta eta prestatzeko prest. Baina fresko dastatzeko garai onena udazkenean hasten da. Ez da gordinik kontsumitzen.
Barazki galkorra
Erosterakoan, zurtoin samurra eta kolore berde distiratsu uniformea duten piezak aukeratu behar dira. Ahal bezain laster jatea eta hozkailuan plastikozko poltsa zulatu batean kontserbatzea komeni da, barazki nahiko galkorra delako.
Borraja etxean garbitzeko, hostoak kendu ostean, ontzi batean jarri behar da gatz larriarekin, ile berezi hori kentzeko indarrez igurtzi eta ondoren, ur askorekin garbitu. Garbitzerakoan, ez da denbora askoz txorrota azpian eduki behar, bitamina asko galtzen dituelako.
Industriek euren zurtoinak bakarrik erabiltzen dituzte, luzeak eta kolore berdekoak, zapore suabea eta apur bat gozoa dutelako. Orokorrean, menestra errezetetako osagaia da eta plateretako goarnizio gisa ere erabiltzen da, nola haragian hala arrainean. Patatekin oso ongi konbinatzen du eta oso gozoa da oliba-olio apur batekin egosita, baratxuriekin frijituta, zopatan edo betegarrietan.
Prestatzeko garaian, presio eltzea erabiltzea edo ur kantitate minimoarekin lurrunetan egostea gomendatzen da, horrela bitaminak galtzea ekiditen delako. Egosketaren ondorioz lortutako salda, gainera, diuretiko ona da.
Nafarroako Erribera, lur aragoiarrak eta Errioxa dira barazki horri eskainitako soro ureztatu gehien laboratzen diren lursailak. Propietate elikagarrietan eta sendagarrietan aberatsak dira. Borrajak 100 gramoko 20 kaloria eskas ditu eta gainera, zuntzak eta magnesioa, kaltzioa eta potasioa bezalako mineralak ditu. Espinakek baino burdina gehiago dute eta beren propietate elikagarrien artean, C bitamina eta A probitamina kopuru altuak nabarmentzen dira. Biek ere efektu antioxidatzailea dute.
Gaixotasunen aurka erabilgarria
Diuretikoa, izerdiarazlea, bizigarria eta odolarentzat arazgarri ezin hobea da. Horregatik, bere kontsumoa hipertentsio arteriala, likido-erretentzioagatik gehiegizko pisua, giltzurrunetako harriak edo idorreria dutenentzako gomendatuta dago, baita digestioa egiteko zailtasunak dituztenentzako eta urdail delikatua dutenentzako ere. Bestalde, diuretikoa denez, gernu-bideetan infekzioak geldiarazten laguntzen du.
Hotz presioaren bitartez, bere hazietatik omega 3 eta omega 6 gantz-azido esentzialetan aberatsa den olioa lortzen da. Arrain urdinean izan ezik, zaila da beste elikagai batzuetan aurkitzea. Tradizionalki, borraja olioa azal osasuntsua edukitzeko eta zimurren sortzea ekiditeko erabili izan da, kolageno zuntzak babestean elastikotasuna ematen duelako eta indartu egiten duelako. Gainera, ildasken egoera hobetzen du eta azkazal ahulak indartzen ditu.
Beste alde batetik, kolesterol tasa murrizten laguntzen duen azido linoleikoaren iturri garrantzitsua da eta bere azido gammalinoleikoak menopausiaren asaldurak ekiditen laguntzen du. Hormona erregulatzailetzat hartzen da, hilekoaren zikloa orekatzen duelako eta horri lotutako minak arintzen dituelako, hala nola, bizkarreko eta giltzurrunetako minak. Min erreumatiko eta artritikoetarako ere aholkatuta dago.
Izar formako lore urdinak gehienbat apaingarriak badira ere, kontsumitzen dira eta zapore fresko eta gozoa ematen diete entsaladei. Borraja infusioak erromeroarekin eta eukaliptoarekin konbinatuta, eztiarekin edo limoi tanta batzuekin gozatuta, izerditzen eta sukar hamarrenak jaisten laguntzen du.
Mota guztietako arnasketa gaitzetarako, eztuldun hotzerietarako eta faringitis eta bronkitis kasuetarako oso erremedio onuragarria da. Hostoen eta loreen infusioak ere arazgarri natural ezin hobeak dira, jatorduen aurretik hartuta. Eztarriko narritadura eta biriketako kongestio kasuetan, borraja hostoak eta loreak usu-belarrarekin eta malba zuriarekin konbinatzen da, hainbanatuta. Minutu batzuetan zehar irakin, infusioa geldirik utzi eta iragazi ostean, egun osoan zehar edaten da.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.