
Lekaleak oinarrizko elikagaiak dira Mediterraneoko dietan. Izan ere, proteina, bitamina, mineral eta zuntz kopuru handia ematen dute. Elikadura arloko adituek lekaleak astean birritan edo gehiagotan jatea gomendatzen dute, arrisku kardiobaskularrak murrizten baituzte eta kolesterol maila jaisten baitute.
Lekaleak oso antzinatik izan dira gure elikagaien artean, eta gaur egun ere Mediterraneoko dietaren baitan daude, adituek gomendatuta. Proteina eduki handia dute (zereal gehienetako proteina edukiaren bikoitza edo hirukoitza) eta balio handiko energia iturri dira. Izan ere, oinarrizko mineralak, hala nola kaltzioa eta burdina ere badituzte. Osagaien artean lipidoak, azukreak, azido folikoa, zuntza (toxinak kanporatzeko oinarrizko osagaia) eta B1 eta B2 bitaminak dituzte. Azken horiek azidotasuna murrizten dute eta nerbio sistemak ongi funtzionatzen laguntzen dute. Gainera, metabolismoko karbohidratoak erregulatzen dituzte. Landare familia honetan 1.200 espezie baino gehiago daude. Haziak leka baten barruan dituzte, eta ia mundu osoan hazten dira. Oso bestelako eguraldietara moldatzen dira. Mendebaldean ohikoenak babarrun zuriak eta gorriak, babak, ilarrak, dilistak, txitxirioak eta soja dira. Garapen bidean diren herrialdeetan egiten da gizakiok kontsumitzeko lekaleen lanaren % 90. Proteina kantitate handiaProteina eduki oso handia dute (% 17tik % 25era bitarte; zerealena bikoizten du) eta legumina ugari dute. Legumina landare albumina da, hots, elikagaietan aplikazio ugari duten substantzia proteinikoen taldeko elikagaia. Oinarrizko aminoazidoek zerealenak osatzen dituzte. Beraz, lekaleak eta zerealak elkartzen dituen elikadurarekin oreka nutritiboa lortzen da, esate baterako dilistak eta arroza nahastuta. Purinak ere badituzte (aminoazido proteinikoen oinarri kimikoa), eta hortik azido urikoa sortzen da. Hala ere, proportzioa haragiena baino askoz ere txikiagoa da. Lekaleek, oro har, haragiak baino ia hiru aldiz burdina gehiago izan arren, lekaleak talde ez heminikoan daude. Horrek esan nahi du burdina eduki arren organismoarentzat zailagoa dela burdina hori hartzea. Hala ere, jatorduetan lekaleak eta C bitamina duten janariak nahasten baditugu, hala nola tomateak edota piperrak, azken horiek lekaleen burdina hartzea erraztuko digute. Burdinak organismoaren oinarrizko funtzio asko betetzen ditu. Burdina hemoglobinaren eta mioglobinaren baitan dago, eta, horiek, aldi berean, globulu gorrietan. Globulu gorrien zeregin nagusia da oxigenoa organismoaren zelula guztietara garraiatzea. Organismoak duen burdina kantitatea behar adina ez bada, globulu gorriak ezin dira sintetizatu. Adituek egunean 12 mg hartzea gomendatzen dute, eta haurdun dauden emakumeek pixka bat gehiago. Burdina ezak sortzen duen anemia da elikadura arazo hedatuena munduan. Hemoglobina murriztu egiten da eta horrek buruko mina eta gainbehera dakartza. Hazkuntza eta garapen arazoak, ikasteko zailtasuna, laneko gaitasuna murriztea eta bereziki erditzean amen heriotza tasa handitzea ere ekar ditzake. Gantz gutxi
Lekaleen osagaiak oinarrizko elikagai dira gure organismoarentzat. Izan ere, lekale batzuk osasun ona edukitzeko oinarrizko zortzi aminoazidoak dituzte. Gantz gutxi dituzte, nahiz eta lekaleen artean ezberdintasun handiak dauden, eta kaloria kopurua % 1 eta % 6 bitartekoa izan daitekeen. Bestalde, mineralak ematen dituzte, hala nola potasioa, magnesioa, zinka eta magnesioa. Lekaleak elikagai egokiak dira ekintza fisiko handia egiten dutenentzat, karbohidrato eta proteina proportzio handia baitute. Zehazki, dilistak egokiak dira anemia kasuetarako eta gaixorik egon ostean suspertzeko. Hala ere, ez da komeni dilistak jatea artrosia, erreuma eta arteriosklerosia izanez gero. Era berean, ez dira komenigarriak zaharrentzat, sasoi horretarako kontzentrazio proteiniko handiegia baitute. Haurrek eta mugimendu gutxiko jarduerak egiten dituztenek neurriz jan behar dute produktu hau. Izan ere, kaloria eduki handia du. Oro har, kontraindikaturik dago urdaileko arazoak dituztenentzat, diabetikoentzat eta gizentzeko joera dutenentzat.
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.