
Elikadura osasuntsua eta orekatua nahikoa izan beharko litzateke gorputzak eskatzen dituen bitamina eta elikagai guztiak jasotzeko. Beraz, ez genuke inolako osagarririk hartu behar. Hala ere, batzuetan beharrezkoak bilakatu dira bitaminadun osagarriak.
Oro har, egungo elikaduran badira zenbait gabezia, bai mineralei bai bitaminei dagokienez, eta horiek beharrezkoak dira organismoak ongi funtziona dezan. Egunero kontsumitzen ditugun elikagaiek karbono hidratoak, proteinak, gantzak, bitaminak eta mineralak badituzte, baina, berez, janari batek ere ezin digu behar ditugun elikagai guztiak eskaini. Beraz, elikadura orekatua izateko, elikaduraren piramideko talde bakoitzeko janari mota zabala jan behar dugu. Hala ere, gaur egun jendearen % 10ek estresari, neke fisikoari nahiz mentalari edota dieta orekatua jan behar izateari aurre egiteko, nahiago izaten du bitaminadun osagarriak hartzea. Ehunekoa ez da oso handia Erresuma Batukoaren aldean (% 39) edota Alemaniakoaren aldean (% 43). Adituek diotenez, gero eta gehiago kontsumitzen dira halakoak, automedikazioaren bidez, udaberrian eta udazkenean batez ere. Gero eta gehiago baztertzen da dieta orekatua jatea. Gainera, kontuan izan behar da osagarri bitaminadun guztiak ez direla berez naturalak. Izan ere, laborategietan egiten dituzte, osagai kimiko bereiziak nahastuta.Hau da, osagaiak kimikoki sintetizatzen dira. Kanpotik baino ez dira sartzen
Bitaminek organismoa orekatzen dute eta ez dute kaloriarik ematen. Oso garantzitsuak dira prozesu biologikoetan. Sistema organikoak ez ditu berez sortzen, baina oinarri-oinarrizkoak dira. Beraz, janariaren bidez sartu behar dira, gizakiak ezin baititu sintetizatu. Badira zenbait salbuespen: D bitamina, eguzkitan gaudenean sortzen dena, eta K, B1, B12 bitaminak. Era berean, azido folikoa heste-floran sortzen da, kantitate txikitan. Bi bitamina mota daude: liposolugarriak (A, D, E, K), gantzetan eta koipetan disolbitzen direnak, eta hidrosolugarriak (C eta B), uretan disolbatzen direnak. Batzuetan bitaminak hartzea nahitaezkoa da. Esate baterako, dieta bejetarianoa egiten dutenek edota elikagaienganako alergiaren bat dutenek epe luzera B12 bitaminaren osagarriak behar izaten dituzte. Haurdunaldian ere B1, B2, B6 eta azido foliko gehiago behar izaten da. Haurtxoa jaio eta gero, edoskitze garaian, behar adina A, B6, D, C eta azido foliko hartzen ditugula zaindu behar da. Haurrak hazten daudenean ezin dira falta A, C, D, B1, B2 bitaminak eta azido folikoa. Zahartzaroan komeni da A, B1, C bitaminak eta azido folikoa hartzea osagarritzat. D bitamina ere komenigarria da kalera irteten ez diren pertsonentzat,eguzki izpirik ez baitute jasotzen. Horrez gain, digestio-aparatuaren gaixotasunen bat, urdaileko ebakuntza kirurgikoren bat edota giltzurruneko gutxiegitasunen bat izanez gero, komeni da osagarriak hartzea. Bigarren mailako efektuak
Bestalde, komenigarria da zenbat bitamina hartzen den zaintzea. Izan ere, maiz gertatzen ez den arren, bigarren mailako efektuak sor diatezke: A bitamina gehiegi hartzen badugu, gibeleko gaixotasunak eragin ditzake, eta haurdun dauden emakumeengan fetuari eragin diezaioke edota abortua eragin dezake. Haurrengan, bitamina horren toxikotasunak buruko mina, goragaleak, okadak, zorabioak, ikusmen bikoitza eta buruko edema sorraraz ditzake. B6 (piridoxina) bitamina dosi handia hartzeak lesio larria eragin dezake nerbio sentiberatasunean. Hilekoaren aurreko sindromea arintzeko bitamina dosi handiak hartu dituzten emakumeetan ikusi ahal izan da hori. C bitaminari dagokionez, dosi handiek giltzurruneko kalkuluak edo anemia eragin ditzake. D bitaminaren maila toxikoak izanez gero, odolean kaltzio gehiegi izatera irits gaitezke, eta idorreria, giltzurrunetako gutxiegitasuna, goragalea, ahultasuna eta giltzurrunetako harriak sor daitezke. E bitaminaren dosi handiak hartuz gero, kumarinak duen koagulazioaren aurkako efektua areagotu egin daiteke, eta hemorragiak izateko arriskua areagotu egiten da. Bestalde, burdina gehiegi badugu, goragalea eta beherakoa izan ditzakegu, eta baita pankreako, gibeleko eta bihotzeko arazoak ere. Jakizu zer jaten duzun gure kaloria bilatzailean
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.