Zopa eta krema hotzak aukera bikainak dira udako egunetarako. Horien loditasun likidoak irentsierraz bihurtzen ditu eta aukera-sorta zabala eskaintzen dute, barazki eta lekaleetatik hasi eta esneki eta frutatarainokoak onartzen baitituzte.
Eguraldi beroak eguneroko menuak prestatzeko plater arinak bilatzera bultzatzen gaitu. Data hauetako plater nagusia, inolako zalantzarik gabe, entsalada bada ere, badaude egokiak diren beste zenbait aukera ere, esaterako, krema hotzak, aukera benetan nutritiboa bezain freskagarria.
Krema horiek salda likidoen eta pure lodien arteko loditasuna dute, loditasun ertaina; gainera, hotzak nahiz beroak jan daitezke. Urdailak erraz digeritzen ditu eta kaloria gutxi dituzte ur asko baitute; gainera, hidratazio egokiari eusten laguntzen dute. Bazkaritan, hasierako gisa jan daiteke eta, afaritan, lehenengo plater arin moduan.
Barazkiekin eta lekaleekin
Hainbeste osagai desberdin onartzen dituen platera izatean, konbinazio-aukerak ere benetan ugariak izango dira. Barazkiekin presta daiteke, horren adibide lirateke vichyssoise plater klasikoa, gazpatxo tradizionala, zainzurien krema edota kalabazinena. Vichyssoisea prestatzeko, porruak eta patatak egosten jartzen dira eta, ondoren, irabiagailuz pasatzen dira; bien bitartean esne-gaina gehituko zaio krema likido geratu arte, baina loditasun puntu batekin. Gatza eta piperbeltza gehitzen zaizkio eta hozten utziko da zerbitzatu aurretik. Bukatzeko, ogia takotan moztuko da, zartagin batean oliotan frijitu eta, gorritzen direnean, plater gainean jarriko dira kremaren osagarritzat.
Gazpatxoaren bertsio krematsu ezagunetako bat salmorejoa da. Gazpatxoarekin duen desberdintasuna da honek ez duela piperrik eta pepinorik eta ogi gehiago duela. Ogi gogorraren mamia busti eta irabiagailuaren basoan jarriko da eta tomatea zurituaren zatiak, baratxuri-aleak, gatza eta olioa gehituko zaizkio. Hori guztia irabiatu egingo da harik eta krema lodi antzekoa geratu arte. Banakako katilu handitan jarriko da eta, horri, arrautza egosia eta urdaiazpikoa txikituta gehituko zaizkio.
Kalabazin-kremari dagokionez, kalabazinak eta patatak egosten jartzen dira. Behin egosten direnean, ondo xukatzen dira eta esneaz eta gaztaz txikitzen. Oso lodia geratzen bada, egosketako ura gehitu diezaiokezu. Barazkiak egosten erabilitako eltzean bertan gurina urtzen da oso su motelean eta purea gehitzen da etenik gabe eraginez. Zerbitzatu aurretik, krema ordu batzutan hozkailuan uztea komeniko da.
Nahiz eta uda izan, lekaleek ez dute zertan eguneroko dietatik baztertuta geratu. Alderantziz, horiekin ere krema oso gozoak egiten dira, tipula txikituaz egindako dilistetatik hasi eta garbantzu-kremara, tipula birrinduaz eta porruez egindako ilar-krema sinpletik iraganez.
Beste aurkezpen batzuk
Gutiziagarriagoak bihurtzeko, izozkailuan hainbat koktel-kopa edo baso txiki gorde daitezke ondoren kremak bertan aurkezteko, lastotxoaz apainduta edota basoaren ertzean pepino-gurpil bat dutela.
Soila, baina, era berean, zaporetsua ahuntz-gaztaren zopa da. Salda basokada bat berotzen da su makalean eta gazta-zati txikiak gehituko zaizkio ondo urtu daitezen. Behin urtuta dagoenean, salda gehiago botako zaio eta guztia irabiagailuan sartuko da krema lortu arte. Bukatzeko, aski izango da gatza eta piperbeltza bakoitzaren gustura gehitzea eta hozten uztea. Eta hozkailura hozteko. Zerbitzatu aurretik, tipulina fin-fin ebakita, pistatxoak, sagarra dadotan ebakita edota antxoa-zerrendak gehitu dakizkioke.
Beste aukera benetan freskagarria meloi eta zainzurien krema da, afari arina, freskagarria eta prestaerraza egiteko konbinazio bikaina. Meloia zatitzen da eta irabiagailuaren basoan jarriko dira zainzuriekin batera. Azken ukitua, urdaiazpikoa txikitua eta krema gainera hautseztatua izango da.
Ukitu exotikoa emateko, aguakate-zopa hotza urdaiazpikoarekin presta daiteke. Horretarako, hainbat porru egosten jarriko dira eta horien salda gordeko da. Aguakateak, berriz, zuritu, hezurra kendu eta zatitu egiten dira. Bol batean jarriko dira, limoi-zuku apur bat gainera bota eta irabiagailuan birrinduko dira porru-salda gehitzen zaion bitartean. Krema homogeneoa lortutakoan, tomatea dadotan ebakiko da, urdaiazpiko txirbil batzuk zartaginean pasa eta guztia gainetik botako zaio; krema banako katilutan aurkeztuko da.
Loditasun krematsua, kaloria gutxikoa, hotza zerbitzatu, barazki-kremak, lekale-kremak, fruta-kremak
Gaiarekin lotutako artikuluak:
- Limoia, mutritiboa eta medizinala
- Diabetiko eta zeliakoentzako saltsak
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.