Oliba-olioaren ingestak eta dieta mediterraneoa osatzen duten elikagaien kontsumoak organismoa zahartzeari aurrea hartzeko prestatzen dute eta gero eta adintsuagoa den biztanleriari bizi-kalitatea ematen diote.
Badira urte batzuk oliba-olio birjina dieta mediterraneoko ekarpen handi gisa ezagutzera eman zela. Horren kontsumoa oso mesedegarria da zelulen zahartzeari, bihotz-hodietako zenbait gaixotasunei, metabolismo-arazoei edota tumoreei aurrea hartzeko.
Adituek gure eguneroko dietan 25 mililitro oliba-olio birjina estra gehitzea gomendatzen dute, hau da, hiru bat zopa-koilarakada. Olio-barietate hori azido oleiko (monoinsaturatu) eta azido linoleiko (poliinsaturatu) iturri garrantzitsua da; baita A, D eta K bitaminena ere.
Erradikal askeek gure zelulak hondatzen dituzte eta odol-basoetan sortzen diren buxaduren arduradun ere badira, odol-zirkulazioa zailduz. Elikadura natural horretan dauden antioxidatzaileek, polifenolak eta E bitaminak esaterako, oxidazioaren kontra eragin babeslea dute eta oliba-olioa gure elikadurako lehen mailako elikagai bihurtzen dute. Beraz, bere koipea mesedegarria izango da, material genetikoa kaltetzea ekiditen baitu.
Zahartze goiztiarrari ez
Denbora aurrera doan heinean, gure gorputza oxidatu egiten da eta horrek zahartze goiztiarra jasateko arriskua eragiten du. Zelulen mintzek koipe- eta kolesterol-kopuru handia dute eta horien konposizioa kontsumitzen ditugun elikagaien mende dago. Koipeki insaturatuetan aberatsak diren elikagaiak hartzen badira, hazietatik eratorritako olioa esaterako, oxidatzeko joera areagotu egingo da. Aldiz, oliba-olioa hartzen bada, zelulak azido olieikoaz aberasten dira eta oxidazioarekiko erresistenteago bihurtzen dira; gainera, kolesterol txarrak eragin kaltegarria izan dezan ekidingo du.
Oliba-olioa koipeki moniinsaturatuetan, antioxidatzailetan eta berariazko mikronutrienteetan aberatsa izateak zahartze-prozesu naturalari aurrea hartzen laguntzen du. Horrela, adinean aurrera goazen heinean, zahartzaro osasuntsuaz gozatzeko aukera izango dugu narriadura kognitibotik eta zenbait gaixotasun, Alzheimerra kasu, garatzetik babestuko gara.
Bestalde, “urre likidoa” deituak gaixotasun kronikoen garapena bultzatzen duten mekanismoak murrizten ditu eta landare-jatorriko beste olioekin alderatuz, sojarena eta almendrena esaterako, hobea da tentsio arterialari eta kolesterol-mailari dagokionez. Azken puntu horri dagokionez, esan, oliba-olioak duen azido oleiko portzentajeak HDL edo “kolesterol ona” gehitzen laguntzen duela.
Patologiei aurrea hartzea
Herrialde garatuetan zahartzeak, oro har, zenbait patologiari, horien artean, arteriosklerosia eta narriadura kognitiboa, eta zenbait gaixotasuni, Parkinsona, Alzheimerra edo minbizia kasu, lotuak kezka handia sortzen dute. Arteriosklerosia arterietako paretetan plakak –kolesterolean aberatsak– sortzean datza; horiek odolari ez diote ehunetara iristen uzten eta ezinbesteko organoen funtzionamendu zuzena, esaterako, bihotzarena eta garunarena, eragozten dute.
Gauzatu berri diren ikerketen arabera, oliba-olioaren kontsumoa bihotz-hodietako gaixotasunekin lotutako patologien murriztearekin lotzen da; horiei, besteak beste, obesitatea edo 2 motako diabetes mellitus gehitzen zaizkie. Zehazki, oliba-olio birjina barnebiltzen duen elikadurak tumoreen garapena %8 - %10 bitartean murrizten lagun dezake eta, zenbait kasutan, gainera, portzentaje hori %15era iris daiteke.
Frijitzeko, ontzeko edota gisatuak egiteko oliba-olioa erabiltzeak –beste mota bateko olioa erabiltzean baino gehiago– arteriosklerosiaren agerpenari aurrea hartzen laguntzen du. Gainera, osagai hori frutetan, barazkietan eta fruitu lehorretan aberatsa den dietari gehitzen bazaio, bihotza babesteko behar adinako antioxidatzaile-kopurua eskainiko du.
Oliba-olioaren eragin onuragarriak garrantzitsuak izan daitezke gure bizitzako lehenengo hamarkadetan; horregatik, produktu horren kontsumoa 10 – 12 urte bitartean hastea gomendatzen da, pubertaroa hasi aurretik.
Gaiarekin lotutako artikuluak:
- Onagra-olioa, erremedio natural aparta
Irakurriena
Informazio-oharra: Gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena. Desadostasunik egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.